ZESTOA
Miren Urkiolak marka galanta egin zuen atzo, eta orain arte emakumezko batek ere egin ez duena egin zuen, 113 kiloko zilindro tzarra bi aldiz bizkarrean berdinduta.600 zale inguruk erabat bete zituzten atzo Zestoako pilotalekuko harmailak. Izan ere, Urkiolaren marka ahaleginaz gain, Agustin Ostolatzari ere omenaldia egin zioten, eta harri-jasotze lehiaketa dotore bat ere antolatu zuten. Herri-kirol saioaren ostean, gainera, pilota jaialdia ere egon zen, Mikel Goñi tartean zela.
Bizkaitarrak bost minutu zituen 113koa berdintzeko, eta ez zuen inolako arazorik izan. Harriak, ordea, bi kilo gehiago pisatu zituen, baina hori ere ez zen arazoa izan, eta Urkiolak erraz bete zuen helburua.
Jasoaldi bat ematea nahikoa zuen marka egiteko, eta horrekin konformatzen zela iragarri zuen bertara joan aurretik, baina azkenean bi ere eman zizkikon. Epaileak txistua jo bezain pronto heldu zion harriari, 16 segundoan berdinduta zuen bizkarrean, eta marka egin zuen Zestoako pilotalekua gainezten zuten 600 ikusle ingururen txalo artean.
Denbora asko geratzen zitzaion bere txanda agortzeko, eta atseden hartzen egon zen, Zelai II.aren aholkuei kasu eginez. Beharrezko atsedena hartu zuenean, berriro ere harriari heldu, eta bigarren jasoaldia eman zion, eta orduan amaitu zuen bere lana. Bi jasoaldiak burutzeko, 4 minutu eta 12 segundo behar izan zituen.
Miren Urkiola gustura zegoen saioaren ostean, marka lortu baitzuen: «Oso urduri etorri naiz. Iaz hemen ez zitzaizkidan gauzak ongi atera, eta buruan neukan hori. Hala ere, gaur bi aldiz jaso dut, eta oso gustura nago», esan zuen 18 urteko neska gazteak.
Hasiera batean jasoaldi bakarra emateko asmoa zuela ere aitortu zuen: «Hasieran ez neukan bi emateko asmorik, bat emanda nahikoa zela ikusten nuen, baina gero ongi jaso dut, eta hemen zegoen jendetzak beste jasoaldi bat ematea ere merezi zuela ikusi dut, eta beste bat eman diot».
Orain arte nesketan bera bakarrik aritu da harriak jasotzen, baina joan den udatik beste bat ere badabil, Marijose Sardon, eta hori ona dela onartu zuen: «Orain arte bakarrik aritu naiz, eta aurkari bat izateak beti ematen du indarra, eta uste dut garrantzitsua dela. Pentsatzen dut nik gaur egindakoa hausten saiatuko dela, eta lortzen badu, zoriondu egingo dut», esan zuen. Bi neska horien arteko dema, lehen aldiz, Euskadiko Sei Orduetan izango da, han 8 arroako zilindro tzarrarekin neurtuko baitira. Gainerakoan, Urkiolak, oraingoz, ez dauka beste markarik egiteko asmorik.
Ostolatzaren omenaldia
Atzoko beste protagonista nagusia Agustin Ostolatza izan zen. Zestoarrari omenaldia egin zioten herritarrek. Joseba Ostolatzaren aita harri txikiekin handia izan da, eta atzo omendu zuten.60 urteko gizon hori, ordea, ez zen geldirik egon, eta aspaldiko partez, berriro ere harriak jasotzen ikusteko modua izan zen, eta 100 kiloko zilindro tzarrari zazpi jasoaldi eman zizkion minutu bakar batean, han zeuden guztien txaloen artean. Bere lana amaitutakoan, gainera, denen aurrean pisatu zen, eta 69 kilo pisatzen dituela erakutsi zuen. Ondoren, hainbat opari ere jaso ahal izan zituen.
Atzo Zestoara joan ziren zaleek, ordea, ikusmira gehiago ere izan zuten, Ostolatza I.ari omenaldia egiteko egun horretan, harri-jasotzaile lehiaketa ere jarri baitzuten. Bertan Izeta II.a, Irigoien eta Ostolatza II.a neurtu ziren. Bakoitzak 125eko kubikoa eta 125eko bola erabili zituen bi minututan.
Aimar Irigoien izan zen onena, berak eman baitzituen jasoaldirik gehien. Errezildarrak sekulako sasoian dagoela erakutsi zuen. Kubikoa 18 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean, eta bola, berriz, 14 aldiz. Bigarren postuan, berdinduta geratu ziren Ostolatza eta Izeta II.a. Aiarrak 17 jasoaldi eman zizkion kubikoari, eta 14 bolari. Ostolatzak, berriz, 15 aldiz berdindu zuen kubikoa, eta 16 aldiz bola. Denetara, AimarIrigoienek 32 jasoaldi eman zituen. Izeta II.ak eta Ostolatzak, berriz, 31.