Orain dela zazpi urte zalaparta galanta ekarri zuen XXI. mendea 2000rekin edo 2001arekin batera hasten zen eztabaidak. Polemika hura ahaztuta samar daukagu dagoeneko, baina nik ez dakit XXI. mendeko zazpigarren edo zortzigarren urtera sartzear gauden. Edonola ere, etorkizunean bizi gara, etorkizunean segitzen dugu.
Eta nork esango zuen etorkizunean gerrak eta gatazka bortitzak izango zirela... Etorkizun hobe batean sinisten baikenuen. Gizon-emakumeen botere nahia arrazionalizatuta, aurrerabidearen aukerak balia- tuta, mundu osoko bizilagunek gutxieneko ongizatea izan ahalko zutela, erlijioek beren iragan bortitza onartu eta arimez baino ez zirela arduratuko; hori guztia uste genuen behiala. Batzuen ustez, ordea, oztopoa komunismoarekin identifikatzen zituzten «sozialismo errealeko» herrialdeak ziren.
«Komunismoa» garaitua izan zen. Giza diruzalekeriak garaitu zuen, barrutik eta kanpotik. Eta hara oraingo errealitatea: gerrak nonahi. Aste honetan bertan beste bat piztu da, Afrikako Adar osoa har lezakeena. Gerra zaharrek eta berriek hor diraute, eta herrialdeen arteko tentsioek beren horretan segitzen dute. Lehen Munduko lagun zibilizatuok ikaratu egiten gaitu Hirugarren Mundukoen basakeriak, herrialde zibilizatuek, inperioek, sustatu eta sostengatzen duten basakeriak.
Horiek horrela, zer da gure gatazkatxoa mundu zabaleko gatazka handien aldean? Izan ere, hemen ez gara gaizki bizi, «gora kateak» leloa aldarrikatzen duteneko paradisuaren zaintzapean. Baina baldin zainetan odolik badugu, ikaratu eta onetik atera beharko gintuzke, besteak beste, Gobernu «zibilizatu» batek egun euskal presoen kontra darabilen basakeriak.
Giuseppe Pellizza pintoreak duela mende bat pasatxo egin zuen margolanak (1898an hasi eta 1901ean bukatu zuen, XIX. mendeko obra edo XX.ekoa zen zalantzarik ez izateko, nonbait) “Laugarren estatua” du izenburu. Laugarren estatua langileria da. Italiar pintoreak lan harekin «itxaropen politiko handi bat» adierazi nahi omen zuen. Eta irudi hori erabili zuen Bernardo Bertoluccik “Novecento” filmerako. Niri zirrara handia sorrarazten dit irudi hori ikusteak Ennio Morriconek filmerako egin zuen musika gogoan dudala. Aste honetan egunkari honek banatu duen egutegia koadro haren erreprodukzioa da. Eta egingo nuke Pellizzaren asmoaren erreprodukzioa ere badela, etorkizuneko erreprodukzioa. -