Errentaren aitorpena pertsonen diru-sarrera neurtzeko adierazgarri bakarra da. Honako ideia xelebre hau UPN-CDNk Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuen inguruko osoko bilkuran etengabe erabilitako argudioa da.Beraz, UPN-CDNren arabera, aitortu gabeko lanean eta ezkutuko ekonomian diharduten pertsonek ez dutenez diru-sarrerarik ematen, ez diote inolako ekarpenik egiten ekonomiari.
Emakume guztiak ez gara ekonomialariak, emakume orok ez ditu makro-ekonomiaren inguruko eztabaidak menderatzen, baina emakume guztiek badakigu zer-nolako ekarpena egiten diogun sistema ekonomikoari. Nolako aitortu gabeko ekarpen eta ordaindu gabeko lana egiten diegun jendarteari eta herriari. Ongi dakigu zer-nolako funtsezko lana betetzen dugun egungo eredu ekonomikoa eta patriarkarra iraunarazteko.
Joan den asteko osoko bilkuran UPN-CDNk erabilitako arrazoiketarekin, beste adibide anitzen artean, 4.000 alargun nafarrek ez dute lanbidearteko gutxieneko soldatari dagokiona ere kobratuko hilean. Gutxieneko hau 665 euro badiraŠ atera kontuak.
UPN-CDNk adierazitakoak haien politika islatzen du, eta kasualitatez, Euskal Herriko botereguneetan dauden indar politiko guztien politika bera da, egungo eredu ekonomikoaren sustapenarekin bat egiten duen politika. Zeinek instituzio publikoen bitartez bere boterea erabiliz, sektore publikoaren eskura dauden politika ekonomikorako baliabide guztiak (politika fiskala, aurrekontuen politika, merkatuen arautzea) bere helburu globalizatzaile-metatzaile eta sexu-genero men- deratzaileetan barneratzeko eta sakontzeko erabiltzen dituen.
Horregatik beharrezkoa zaigu aurrekontuen politikaz jabetzea. Euskal emakumeok sektore publikoetako aurrekontuen dokumentuek duten garrantzi handiaz jabetzen hastea eta kontzientzia hartzea ezinbestekoa da. Dokumentu hauetan jasotzen baita, batetik, politika fiskalaren diseinua (zeinek ordaintzen duen), baina baita bestetik ere, gastu publikoaren norabidea (dirua norantz bideratzen den alegia). Kontuan hartzekoa da ere bai, merkatua arautzean duen eragina, bai laboralean, bai etxebizitzakoa, etab. Ezin azpimarratu gabe utzi noski, generoen arteko harreman hierarkiakoen sakontzean duen eragina. Argiki, klase jakin baten interesei erantzuten dien diseinu bat da: kapitalaren jabe den sistema patriarkalaren interesei erantzuten diena hain zuzen ere.
Oro har, Hego Euskal Herriko 2007 urteko aurrekontuek, gastu sozialen politika aurrerakoi baten irudia eman eta diskurtsoa manipulatuz, garapen ultraneoliberalaren aldeko apustua egiten jarraitzen duten instituzio batzuen politika adierazten eta erakusten dute.
Esate baterako, EAEko 2007ko aurrekontuen %72 eta Nafarroako aurrekontuen %46 gastu sozialean inbertitzen dela ikustarazi eta sinestarazi nahi digute. Baina hau errealitatearen oso urruti gelditzen da, aurrekontuen parte batez hitz egiten digutelako.
Honez gain, genero ikuspegia barneratua izateko baldintzak ere ez daude barneratuak, nahiz eta honi erantzutearen konpromisoa orain dela lau urte onetsi izan, gauzatu gabeko konpromisoa izaten jarraitzen baitu.
Aurrekontuak ez dira neutroak. Batetik, etxeko lanak musu-truk egiteak sortzen duen aberastasunaz jabetu direlako berau ezkutuan uzten jarraituz, eta bestetik, aurrekontuengandik gizonezkoek emakumezkook baino gehiago jasotzen dutelako. Egungo jendartean dauden ohitura eta jarrerek sorturiko desorekak berdintzeko edo parekatzeko tresna baliagarri izan beharko luketen aurrekontuek gaur egun desoreka hauek behin eta berriz errepikatzeko besterik ez dute balio.
Aurrekontuez hitz egiten digutenean, beti gastuez hitz egiten digute, inoiz ez diru sarrerez, horrela bildutako diru kopuruaren gaineko eztabaida saihestuz. Honek jendearen kontzientziazio galtzea ekartzen du zerga murrizteen benetako arrazoiek gordetzen duten gaiztakeria edo okerkeriaren aurrean.
Beraz, guk argi dugu jendartearen beharrei eta emakumeon beharrei erantzun ahal izateko bestelako aurrekontu batzuk behar ditugula.
Benetako aurrekontu neutroak behar ditugu, aurrekontuen prozesu osoan zehar genero ikuspegia txertatua izango duen eredu berri bat behar dugu. Eta noski honek emakumeen beharrak aintzat hartzea, emakumeei zuzendutako programak osatzea, jarduerak zehaztea, jarraipenerako bitartekoak ezartzea eta horren guztiaren eraginkortasuna baloratu ahal izateko tresnak osatzea ezinbesteko egiten du.
Aurrekontuen eztabaida zabala eta parte-hartzean oinarritua behar dugu. Aurrekontuen eta erabakiak hartzeko prozesuan jendartearen parte-hartzea, hots, gizon-emakume ororen parte-hartzea bermatu behar da. Eta honetarako, behar diren bitartekoak jartzea premiazkoa da.
Bestalde, ekonomia «ofizialari» emakumeok egindako ekarpena (pertsonen zainketa, ezkutuko ekonomia...) azalarazi behar da. Emakumeok ezkutuko ekonomiaren bidez egiten dugun aportazio ekonomikoak aintzat hartzea eta neurriak jartzea funtsezkoa da.
Gure ustez, parte-hartzean oinarritutako eta generoa aintzat hartzen duten aurrekontuak bermatzeko, kontzientziazio lana ezinbestekoa da. Kontzientziazio lan sakona, integrala eta etengabekoa izan behar da.
Hitzetatik ekintzetara pasatu beharra dugu, politikoki egokia den diskurtso hutsala entzutetik errealita- tearen beharrei erantzungo dien bitarteko zehatzak martxan jartzeko garaia badela uste dugu.
Borondate politikoa izatea eta ikustaraztea ona da baina askoz beharrezkoa zaigu hauteskunde usaineko konpromiso politikoak betetzea.
Bukatzeko bi deialdi:
Egungo marko zatikatzailean indarrean diren instituzioei aurrekontu neutroak, parte-hartzean oinarrituak eta generoa aintzat hartuko duten aurrekontuak egiteko konpromisoa hartzeko deialdia egin nahi diegu.
Sexuen arteko harreman berrietan oinarrituriko jendartea eraikitzeko eta euskal ekonomia soziala lortzeko, herritar guztion konpro- misoa eta ekarpena beharrezkoa da. Bide horretan, aurrekontuen politika berria sustatzeko deialdia egin nahi diogu euskal jendarteari. Aurrekontuen arazoa guztion ardura dela irudikatuz eta kontzientziazio lana eginez. -