Langile bat hilda aurkitu dute Bergarako lantegi batean
Langile bat hil zen joan den asteazkenean Bergarako Cotones Aguirrezabal enpresan. Osalanek ez ditu oraindik heriotzaren arrazoiak argitu. 59 urteko langileak fenwich eskorga bat konpondu behar zuen. Zuzendariak tresnak prest ikusi zituen, baina ordu erdi itxaron ondoren, komunean aurkitu zuen, dagoeneko hilda.
GASTEIZ
Bergarako Cotones Aguirrezabal enpresan langile bat aurkitu zuten atzo hilda. Lantegian oporrak zirela-eta lanik ez zuten arren, Helenio Narvaiza 59 urteko langilea bertara joan zen asteazkenean.Zuzendariarekin gelditu zen fenwich eskorga bat konpontzeko. Zuzendaria iritsi zenean, goizeko hamarrak aldera, eskorgaren ondoan tresnak ikusi zituen eta komunean argia zegoela ohartu zen. Ordu erdi itxaron ondoren berriro joan eta dena berdin zegoela ikusi zuenean, zerbait gertatzen zela pentsatu zuen. Komunean sartzen saiatu zen, baina atea itxita zegoenez, apurtu egin behar izan zuen. Azkenean, sartu zenean, bertan aurkitu zuen hilda langilea. Helenio Narvaizak 34 urte zeramatzan enpresa horretan lanean. Cotones Aguirrezabalek bederatzi langile ditu eta industria garbiketan erabiltzeko zapiak egiten ditu. Osalaneko teknikariak enpresara joan ziren heriotzaren arrazoiak aztertzeko. Gertaera horren ondoren, eta urtea bukatzeko hiru egun baino falta ez direnean, dagoeneko 127 langile hil dira Euskal Herrian 2006an. Datu ofizialak, berriz, askoz gutxiago dira. Izan ere, Osalanek eta Nafarroako Lan Osasuneko Zentroak duten informazioaren arabera, 95 pertsona hil dira beren lanpostuan azarora arte. Hala ere, datu horiek ez dituzte kontuan hartzen Iparraldeko langileak, beren kontura lan egiten dutenak edo ospitalean hiru egun baino gehia- go egon ondoren hil direnak.
|