GETARIA
Balenziaga Museoa eraikitzeko lanak hasi direla-eta, proiektua salatzeko prentsaurrekoa egin zuen atzo Iparra Herri Bilguneak, azken udal hauteskundeetan legez kanpo utzi zuten zerrenda abertzaleak.Karmele Iribar eta Haritz Alberdi Iparrako eledunek esan zuten: «Getariarron etorkizuna guztiz baldintzatu dute PNVk eta EAk fundazio pribatu baten esku dagoen proiektu faraoniko horrekin». Alde batetik, museoaren eraikinak Aldamar parkea suntsituko duela salatu zuten. «Aldamar jauregia baino hiru aldiz handiagoa da proiektatutako eraikina», ohartarazi zuen Alberdik. Beste aldetik, zera salatu zuten: «Kultur ekitaldiak egiteko espazio egokirik gabe dago Getaria, eta, hala ere, Udalak guztiz doan utzi dio urteetan areto bat fundazio pribatu bati, herriko beste kultur eragileen lokalak kendu nahian ibili denean». Txeru eta Alondiga aipatu zituzten adibide gisa.
EAJ eta EAren «aurreikuspen kaskarra» ere salatu zuten. «Esaterako, hasieran aurreikusten zuten eraikinaren tamaina bikoiztu egin dute», nabarmendu zuten.
Iparrakoen iritziz, hain eragin handia izango duen proiektu batean getariarrek parte hartzeko eta erabakitzeko eskubidea izan beharko lukete. Ez omen da horrela izango, ordea.
Bestalde, Administrazioak diru publikoa erabiltzen duenez, herritar guztiek eskubide berak izan beharko lituzkete edozein proiektu publiko kudeatzeko. Kasu honetan, berriz, fundazio pribatu batek bakarrik izango omen du aukera hori. «Beste erakunde edota fundazio posibleak baztertu eta jauntxoei diru publikoa hutsaren truke ematen ari zaie», esan zuten.
«Hori gutxi balitz bezala, Francok ezarritako erregea, euskal herritarroi hitza eta erabakia ukatzen digun berbera, proiektuaren ohorezko lehendakari egin dute», salatu zuen Iparrak.