- Urrezko Aizkora
Finalerdiak jokatzeko txartela egongo da jokoan Asteasuko saioan
·Arrospide eta Mugertza Etxebeste eta Txapartegiren aurka neurtuko dira bihar gauean
DONOSTIA
Urrezko Aizkolarien Binakakoan lehenengo multzoko azkeneko jardunaldia jokatuko dute bihar Asteasun 23.00etatik aurrera. Jaialdi berean gazteen lehiaketa abiatuko da.Mugertza-Arrospide eta Txapartegi-Etxebeste bikoteak neurtuko dira. Saio hau erabakigarria izango da, finalerdietara sartzeko azkeneko aukera baitute bi bikoek. Garaipena eskuratzen duena joango da finalaren atarikoa jokatzera. Lehiaketa horren lehen saioan, Etxebeste eta Txapartegi Barberena eta Larretxearen aurka neurtu ziren. Orduan, Nafarroako bikoak saioko proba guztiak irabazi zituen, eta aise lortu zuen garaipena. Bigarren saioan ere nafarrak gailendu ziren, baina Arrospide eta Mugertzaren aurka. Gipuzkoarrak azkeneko probara aurretik heldu ziren, iraupeneko probara, hain zuzen, baina hor ezin izan zioten aurretik zuten abantailari eutsi. Emaitza horren ostean, Larretxeak eta Barberenak finalerdiak jo- katzeko txartela eskuratzeaz gain, multzoko lehenengo postua ere segurtatzeko modua egin zuten. Biharko saioa oso interesgarria izango delakoan daude denak, bi bikoei duten guztia ematea besterik ez baitzaie geratzen. Arrospide eta Mugertza dira zaleen ustez faboritoak. Leaburukoa sasoi betean dago, azkenaldian erakutsi duen moduan, eta lan horiek oso egokiak dira beretzat. Fausto Mugertza ere lantegi horietan primeran moldatzen da, eta ez da ahaztu behar iaz finalean izan zen bikoan dagoela. Txapartegi eta Etxebeste ere ez dira gaizki moldatzen eta saiatuko dira aurkariak estu hartzen eta finalerdietarako txartela lortzen. Bihar garaipena lortzen duena multzoko bigarren postuan geratuko da, eta finalerdietan beste multzoko lehenengoaren aurka jokatu beharko du. Barberena eta Larretxea, aldiz, beste multzoko bigarrenaren aurka lehiatuko dira. Gaurkoan ere aizkolariek sei proba ezberdin izango dituzte, eta denetara denborarik gutxien behar duenak egingo du aurrera. Beste multzoa ez da oraindik lehiatzen hasi. Hasita izan behar zuen, baina Olasagastik eta Mindegiak jokatu zuten apustua dela-eta, saioak atzeratu egin behar izan dira, baina ondoren antolatzaileek ez dute zorterik izan, bi aizkolariek egun berean min hartu baitzuten. Joan den astean Olasagastik belaunean aizkorarekin ebaki handia egin zuen, eta hilabete inguru egon beharko du geldirik. Beraz, ez dago jakiterik jokatuko duen. Egun berean, Mindegia bere baserrian lanean ari zela, besoan min hartu zuen, eta hark ere denboraldi bat geldirik egon beharko du. Ezkurrakoaren bikotekidea Senosiain I.a zen, eta Peñagarikano Igeldokoarena. Beste bikoa Nazabalek eta Lopezek osatzen dute. Gauzak horrela, antolatzaileek ez dakite zer gertatuko den. Bi aizkolariak osatuko balira, gauzek berdin jarraituko lukete, baina biak osatzea zaila izango dela dirudi. Ez Olasagasti, ez eta Mindegia ere jokatzeko moduan izango ez balira, baliteke Senosiainek eta Peñagarikanok osatzea bikoa, baina horrela bi bikorekin bakarrik geratuko litzateke multzoa. Antolatzaileek bi kolpatuen lesioak nola doazen ikusi nahi zuela jakinarazi zuen atzo, erabaki bat hartu aurretik.
Gazteak ere abiatzeko prest daude
J.L. DONOSTIA Helduen Lehiaketarekin batera, bihar abiatuko da Asteasun gazteen Urrezko Aizkora ere. Lehen saio horrek ikusmin handia piztu du, herriko seme bat lehen aldiz plazaratuko baita. Alkizalete II.a lehen aldiz ikusi ahal izango da plazan. Bere anaia Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan aritu zen, eta antolatzaileak beregana joan zirenean, min hartuta zegoen, eta anaia gazteak hartuko du parte. 17 urteko asteasuar horrek Gorriti III.a izango du lagun, eta euren aurrean, berriz, Rekondo eta Erasun. Baliteke azken biko hori izatea faboritoa, hor baitago Jon Rekondo. Leitzarra da lehiaketa honetan ezberdintasunak markatu behar dituen aizkolarietako bat, eta biharkoan ere, horrela beharko du. Hor ere aizkolariek lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta lanak denborarik gutxienean mozten dituenak eramango du garaipena. Bi bikote horiez gain, honako beste hauek ere hartuko dute parte lehiaketa honetan: Mugertza anaiak, Lerretxea lehengusuak, Amillano-Kañamares III.a, Aldape-Atutxa II.a eta Xabier Mindegia- Juan Rodriguez.
|