USURBIL
«Borondate politiko bati erantzuten dion proposamena da», nabarmendu zuen Usurbilgo alkate Luis Mari Ormaetxeak, errauste-plantaren kokapenaren harira argitara emandako informazioa baloratzeko deitu zuen agerraldian. EAko kidearen aburuz, azpiegitura Zubietako Usurbilgo aldean kokatuz arazoa PSEren Udaletatik aldentzea lortu nahi dute. «Beraungo herritarrei adierazten zaie gauzak normaltasunez aurrera doazela eta lasartearrei esaten zaie beraien etxe aurrean ez dela izango gisa horretako instalaziorik». Horren harira, Ormaetxeak gai honen gainean erantzukizuna duten eragile guztiei argibideak eskatu zizkien, «benetan beste aukerarik ez dagoela frogatzen duten argibideak». Gainerakoan, Usurbilgo Udalak eskura dituen baliabide administratibo eta juridiko guztiak aktibatuko dituela iragarri zuen: «Ez dugu ezer baztertzen».
Izan ere, Ormaetxearen esanetan, «errauste-planta Zubietan jartzeko edozein proposamenek eta, batez ere, Usurbilgo aldean jartzeko balizko proiektuak ez dute inolako hirigintza-oinarririk».
Donostiako alkatea esperantza faltsuak sortzen ari dela ere adierazi zuen. «Ez dago txosten erabakigarririk, ez dago inolako oinarri juridikorik, ez dago beste mankomunitateekin sinatutako hitzarmenik, ez dago hondakinen tratamendua kudeatuko duen partzuergorik, ez dago udaletako onarpenik», zerrendatu zuen.
Ildo horretan, eta balizko proposamena batzarrera eramanez gero, Ormaetxeak Donostiako EA eta EAJ udal taldeei egoerak eskatzen duen neurriko erantzuna eman dezaten eskatu zien. «Ez daitezela beharrezko kolaboratzaile bihurtu».
Aldundiak onartu egin behar
Aldundiak kokaleku berriaren gainean izan dezakeen jarrerari dagokionez, Donostiak aurkeztutako proposamena onartu beharrean dagoela esan zuen Ormaetxeak, akordioak dituztelako. «Udalak kokaleku bat proposatuz gero, Aldundiak onartu egin beharko luke, baina lau proposamenen artean hau ez da Aldundiak proposatzen duena».Ormaetxearen esanetan, errauste-planta Usurbil aldean kokatzeak urbanizazio esparrua zabaltzen du «ingurumen eragina handituz» eta inpaktu bisuala areagotuz.
Hala eta guztiz ere, Ormaetxeak kokalekuaren gaineko kexuak agertu bazituen ere, Udalak 2004ko uztailean hondakinen kudeaketarako GHHKPI plana onartu zuen. «Txosten horretan hainbat formula aipatzen dira zaborra tratatzeko, eta azkeneko tratamendu bezala planteatzen da erretzea, birziklatu ezin den materiala, alegia», zehaztu zuen, erraustearen kontrako jarrerarik ez dutela esatearekin batera.
Ormaetxeak hitz gogorrak izan zituen berria argitaratu zuen egunkariaren aurka. «Horrelako gai serio bati ezin zaio eman, eman zaion tratamendua, datu objektiborik gabe eta informazioaren jatorria adierazi gabe, kezka eta desorientazioa Usurbilgo herritarrengan sortuz. Horregatik egunkari horri “El Diario Vasco”ri erreferentzia eginez zuzenketa bat egitea eskatzen diot edota bestela, duen informazio guztia argitara eman dezala». «Seguru nago guztiaren atzean alkatearen propaganda eta desinformazio abilezia dagoela», adierazi zuen amaitzeko Ormaetxeak.