EAE-ANVk jarduera faxistak gehitu izana salatu du
IRUÑEA
Comisión de Navarros en Madrid delako elkarteak argitaratutako afixa gogor gaitzetsi du EAE-ANVk kutsu frankista duela argudiatuz. «Nafarroa lehenengoa izan zen. 1936-1939», dio afixa horrek, eta alderdi abertzalearen aburuz, «estatu kolpe faxistaren apologia nabarmena egiten du».Afixa atera duen taldea «UPNtik eta PPtik oso gertu» dabilela esan ostean, talde faxistak Estatu espainolean «zigorgabetasun osoz eta sarritan diru-laguntza publikoekin aritzea» ez dela berria gehitu zuen. Horien xedea frankismoak burututako «gizateriaren aurkako krimenak ukatzea, zuritzea edota diktaduraren apologia egitea» dela uste du. «Kezkagarritzat» jo du azkenaldian Euskal Herrian talde faxisten jarduera gehitu izana, eta, horregatik, dei berezia egin die euskal herritarrei eraso faxistei aurre egin diezaieten.
|