Istiluak eragin dituzte Uribarriko herrikoan
BILBO
Istiluak eragin zituen atzo gauean Bilboko Uribarri auzoko herriko tabernan ezezagun talde batek. Lekukoek GARAri kontatutakoaren arabera, 21.00ak aldera herrikora bost pertsona sartu eta, edatekoa eskatu zuten. «Ondoren, oihuka hasi dira, presoen argazkiei begira, ‘zer egiten dute hauek hemen?’ galdezka. Gero gehiago iritsi dira; harro, jarrera probokatzailearekin».Haietako bi bereziki aztoratuta ei zeuden: «Gabonetako saskitik gazta eta turroia lapurtu dituzte. Gero, edalontzi handi bat hormaren kontra txikitu dute». Irainka eta mehatxuka ere hasi ziren, «Arriba España», «viva la Guardia Civil», «os vamos a matar a todos», «vamos a venir por la noche a quemar esto» eta tankerakoekin. Azkenerako, herritar andana gerturatu zen herrikora, istiluak eragiten ari zirenak handik bidaltzeko.
|