Ez dakit hil ondorengo garaipenek ezertarako balio izaten dieten halakoak lortzen dituztenei, baina bai kalte galantak egin diezazkioketela haien aurkariari. Eta agian horrek bere patua ontzat emanaraz diezaiokeela zenduari. Saddam Husseinen urkatzea ere tenore horretakoa izan dela iruditu zait. Bere bizitzan arrakastak erdiesten baino porrotak antolatzen askoz trebeagoa izan zenak garaipen bat lortu du urkabean. Geroak esango du norainokoa; oraingoz, sinbolikoa da soilik. Baina kontuz sinboloekin.
Kosta ere kosta egiten da Saddamen heriotza, bentzutu eta atxilotu zuten unetik esperagarria zena, kudeatu dutenena baina baldarkeria traketsagorik asmatzea. Apustu baietz hemendik urte gutxira Saddamen oinordekoak izan urkamenduaren irudi tetriko horiek gogorarazi eta haizatuko dituztenak; eta aldiz, espektakulu higuingarria antolatu eta kaleratu dutenek imajina horiek ahaztu nahiago izango dutela. Dagoeneko hasita dago horrelako zerbait. Nolako epaiketa halako urkamendua itxaron behar zela esango dit edozeinek. Eta Saddami heriotza zigorra ezarri zion antzezpenak... Texasko gobernadorerik baldresenarentzat ere auzo-lotsa izan behar lukeela ados etorriko gara. Ez baita erraza tiranorik gaiztoena ere gizalegez gaitzestea egunero-egunero epaitegiaren atarian eta epaile direnen eskutik gertatzen ari denaren pare-parekoa baino ez denean hari leporatzen zaiona. Are gutxiago bitartean abokatuak hil eta mila jukutria egin zaizkionean.
Horrexegatik da harrigarriena (edo argigarriena?) ondorengo epaiketa potoloago eta askoz funtsezkoagoak burutu gabe Saddam korrika eta presaka urkatzeko delibero hori. Zeren beldur dira batzuk (estatubatuarrak) zein besteak (Irakeko gobernuko kide xiitak?). Atxilotu zutenean bertan hil ez izana damu dutenen moduan jokatu dute. Zergatik? Etorkizunak iragana ondu egingo duela Iraken konturatzen ari direlako?
Irudien indarraren jakitun ez ezik erabiltzaile trebea izan zelako beti (eta, agian, bere borreroek baino barren gehiagoko tipoa zelako), bere azken instantean ikusgarrizko aldea atera die Saddamek bere urkatzaileei. Bera izan da duintasuna erakutsi zuen bakarra, herio eskuadroietako pistolari mozorrotuen erdian.
Nurembergekoarekin konparazioak egitea gogoko dutenek berehala ikusiko dute talde terrorista baten hilketa zirudien honen trauskilkeria. -