GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-03
Ez da guztientzat parrandarako eguna urtarrilaren bata
Batetik bestera joan nahi dutenak taxian eramaten, behar dituztenei botikak saltzen, eriak sendatzen... Hainbatek lanean eman diote hasiera 2007ari. Ez da inondik ere urtea hasteko modurik onena, baina batzuek ondo pasatzeko, gutxi batzuek parrandarik ez egitea beharrezkoa da nonbait.

Oraindik ere batzuen batzuei irauten die urte berriaren harrera jaiaren ajeak; ondo iraun, gainera. Beste batzuek, berriz, ez dute horretarako arrazoirik, 2007a lanean hasi baitute. Horixe botikari, taxista, erizain eta tabernari ugariren eta beste hainbat langileren kasua. Batzuek urtea primeran hasteko; besteek lanean jardutea premiazkoa baita. GARAk lanean jardun zuten pertsonek zer-nolako gaua igaro zuten jakin nahi izan du.

Taxian

Hamahiru urte daramatza Angel Hierrok Bilbon taxi gidari lanean. Aurten, aurreko hamabietan ez bezala, ez du urtea taxian hasi, baina bai lanean, telefonogunean jardun baitzuen. Hamabi kanpai-hotsak etxean entzun, eta mahatsak zintzurrean hartuta joan behar izan zuen lanera. Hierrok azaldu duenez, egun horretan taxi gidari guztiek dute lanean jarduteko aukera, Udalak horretarako baimena ematen baitu. Hala ere, asko etxean geratzen dira. Batzuek urtea familian hastea nahiago izaten dutelako, eta beste batzuk, berriz, urte berri eguneko goizaldean arrisku handia izaten delako. «Ez da bateren batek autoan botaka egitea soilik; gerta daiteke erasoren bat izatea edota, inoiz baino gehiago edaten denez, gidariren batek aurretik eramatea», adierazi du. Aita ere taxi gidaria zuen Hierrok, eta hark ere urtea taxian hasi ohi zuen. «Ohituraz edota inertziaz egiten dut nik lan egun horretan». Etxekoez galdetuta, dagoeneko ondo ohituak dituela adierazi du. «Emazteak ezagutu ninduenerako ere taxi gidaria nintzen, eta egun horietan lan egin behar izaten dugula bazekien», adierazi du.

Ostatuan

Jean-François Lagrange tabernariak Urtezahar gaua Baionako ostatuan pasatu bazuen ere, lagunak hurbil izan zituen gauerdiko xanpaina berekin edan ahal izateko. Eguerditik lanean zebilen, eta gauerdi iritsi aitzin, ostatuko ateak itxi zituen. Hurbil zegoen lagunen afarira bertaratu zen. «Apairu eder bat prestatua genuen. Hamabiak jo bezain laster, xanpain botila ireki, eta guztiak elkarri ‘urte berri on’ esaten eta bi musu ematen hasi ginen», adierazi du. Oren batez itxi zituen ostatuko ateak, eta ondoren lanera itzuli zen. Baina Jean-François Lagrangeri ez zaio horrenbeste kostatzen Urtezahar gauean lanean aritzea. «Giroa atsegina izaten da. Jendea alai dago. Gainera, ez nengoen bakarrik. Beti Urtezahar gauean, Baionako jaietan bezala, bi-hiru izaten gara lanean. Beraz, gure artean giroa izaten da, eta horrek lasaiago lan egiteko aukera ematen du», gehitu du. Jai egiteko aukera izan zuen, beraz, Lagrangek. Eta, ostatua goizeko zortzietan ixtean, besta egiten jarraitzeko gogoa izan zuen. «Zerbitzatzen genuen guztiak ordu horretan oraindik irekiak zeuden ostatuetara joan ginen. Lan egiten badugu ere, Urtezahar gauean atsegina da ostatu batean lan egitea, bereziki dena ongi doalarik»...

Erietxean

Gwenaëlle Morvan-ek Baionako erietxe nagusian lan egiten du. Gabon gaua libre izan zuela-eta, 31 gauean lan egin behar izan zuen. «Lankideen artean aldizkatzen gara. 24an lan egiten badugu, 31 libre izaten dugu, edo alderantziz», azaldu du. Baina hilzorian diren gaixoen zerbitzuan lan egin behar izan zuen, eta zaila izan zaio Urtezahar gaua ospatzea. «Gaixo batekin ginen gela batean, eta artatzeak egiten genizkiola, hamabiak eta bost zirela ohartu ginen. Batak besteari ‘urte berri on’ esan genion, eta horretan geratu zen», adierazi du. Halere, Gwenaëllek argi utzi du horrela gaixoekin lan egiterakoan ez dela Urtezahar gaua ospatzeko gogoa izaten. «Oso pisuzko gaixoak ditugu; beraz, oso zaila da. Egia da, lanegun hori ez dut abenduaren 31 bezala bizi izan. Beste edozein lanegun balitz bezala zen», nabarmendu du.

Ospatzeko gogo txikia bazuen ere, erietxeak egun berezi horren garrantzia nabarmentzeko afari berezia eman zien gaixoei. «Usaian jatekoa etxetik eramaten dugu. Egun horretan, aldiz, bazkari berezia eskaintzen dute ahateki, arrain eta bixkotx batekin», adierazi du. Afaria goizeko bietan bi gaixoren artean jateko aukera izan zuen Gwenaëllek. «Bi ginen zerbitzuan, eta afaria ere bakoitzak bere aldetik hartu behar izan zuen», bukatu du esaten.

Botikan

Iñaki Lasa oriotarra botikaria da eta, aurretik ere makina bat urtean gertatu zaion moduan, urte berriari hasiera lanean eman zion, berea baitzen inguruan zaintzan zegoen botika. Gauean lan handirik ez omen zuen izan «baina zabalik izan behar». Lasa, ordea, zorteko da, botika etxebizitzaren azpian dago, eta gora eta behera eta behera eta gora, urte berriko lehen gaua kasik osorik familian pasatzeko aukera izan zuen. Azaldu duenez, gisa horretako egunetan lan egitea traba da bai norberarentzat bai eta familiarentzat ere, baina «ohituak» daudela aitortzen du. Aurtengo Urtezahar gauari dagokionez, arratsaldean eta afalordura bitartean jende mordoxka izan zuela esan du, «kanpotik etorritakoak gehienak»; gauean, berriz, inor gutxik zuen botika beharrik nonbait.

Hotelean

Javier Ortizek Gasteizko Gran Hotel Lakuan egiten du lan harreran. Jaiegunak txandakatzen dituzte, beraz, 24an jai duenak abenduaren 31n lan egiten du. Horixe gertatu zaio Ortizi. Aurtengoa urte berria lanean hasten duen laugarren aldia izan omen du. Izatez, eta hotelean soilik afariak ematen dituztenez, gaua lasaia omen zen, «kotilioi bat izan bagenu, beste kontu bat izango zen».

Hotelera bertaratu ziren bezeroek ere mahatsak jan behar zituztenez, langileek ere aukera ezin hobea izan zuten horretarako. «Jantokian isiltasun handia egin zen kanpai-hotsak entzuteko, eta gu aukerari probetxu atera, eta bulego batean batu ginen mahatsak jan eta kava apur batez urte hasiera ospatzeko. Bukatu bezain laster itzuli ginen lanera». Haren esanetan, kontzientzia hartuz gero, gainerako egunen gisakoa da urteko lehendabizikoa, «azkenean ohitu egiten da».

Mozorro dendan

Nahiz eta gauez lan egin beharrik izan ez, Iruñeko Alde Zaharreko La Golosina mozorro dendan ere lan handia izan zuen Sonia Barcosek abenduaren 31n. Aurten, Urtezahar egunean lanik ez egiteko arrazoiak gehitu dira, egun berezia izateaz gainera, igandea suertatu delako. Hala ere, Nafarroako hiriburuan bada ohitura bat urtetik urtera zale gehiago dituena ­nahiz iaz beherakadatxo bat nabaritu­: jendea mozorrotu egiten da. Hori dela-eta, Urtezahar eguna izan arren eta igandea suertatu arren, La Golosina dendak ateak zabaltzea erabaki zuen. «Jendeak beti azken unera arte itxaroten du», azaldu du bertako arduradun Sonia Barcosek. «Hori, urteek aurrera egin arren, inoiz aldatzen ez den gauza bat da», berretsi du. Gainera, haren esanetan, berdin-berdin gertatzen omen da sanferminetarako arropa zuria erosteko edota Gabonetan opariak erosi behar direnean ere. Adibide modura aipatu du denda 20.00etan ixten zutela jakinik ere, 20.15ean oraindik nahi zutena hautatu gabe zeudenak ere bazirela.

Erosleen artean, Nafarroatik kanpoko jendea ere badela ziurtatu du Barcosek; izan ere, mozorrotzeko ohitura dagoela entzun eta azken orduan mozorro eske joaten baitira. «Pentsa, aurten amerikarren bat edo beste ere etorri zaigu mozorroak erostera», adierazi du Soniak.

Hasieran ezer gutxi salduko zuten beldur pixka bat bazutela aitortu arren, azkenean erosle ugari izan zutela baieztatu du. «Aurreko egunetan baino lan handiagoa izan dugu jendeak beti itxaroten duelako azken unera arte», adierazi du. Haren hitzetan, «azken orduko erosle» horiek osagarriak erosi ohi dituzte. «Batez ere betaurrekoak eskatzen dituzte, erakusleihoan geratzen diren ileordeak eta halakoak», zehaztu du. Aurten gehien saldu duten mozorroa zein den galdetuta, ez du ezer zehatzik esan La Golosinako arduradunak: «Denetik saldu dugu pixka bat; ez da beste urte batzuetan bezala mozorro bat gailendu guztien artetik», azaldu du.

Azken eguneko salmenta eta lana handiak izan arren, urtetik urtera joera moteltzen ari dela baieztatu du Soniak. «Lan dezente izan dugu, baina ez beste urte batzuetan adina, konpetentzia gero eta handiagoa baita», jakinarazi du. «Lehenago, mozorro denda gutxi geunden, baina orain eskaintza gero eta zabalagoa da», zehaztu du dendariak. -

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El joven muerto en Martutene estaba internado en una celda de aislamiento
Jendartea
En 2006 el precio de la vivienda nueva ha subido el 6,7%
Euskal Herria
Madrid calcula que hay más de 25.000 toneladas de escombros
Euskal Herria
Frankismoa goraipatzea salatuko dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian
Mundua
Ban Kin Moon llama a la «unidad de acción» de la ONU
Euskal Herria
Rubalcaba va más allá que Zapatero al anunciar la ruptura del proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss