GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-09
Modan joera berriekin dator Bilbo Zaharrean loratu den azken egitasmoa
Olatz Ezkirotz eta Iratxe Ostolozaga bilbotar diseinatzaileek Trakabarraka arropa marka merkaturatu zuten duela urte pare bat. Euskal Herrira zabaldu zituzten lehenik beren jantziak, eta gure mugetatik kanpo eraman zituzten geroxeago. Urte amaierarekin batera, erakustoki propioa ireki dute. Denda eta lantegia da, aldi berean. Beren patroietatik eratorritako jantziez gain, beste gazte batzuek sortutako arropak ekarriko dituzte Bilbo Zaharreko lokalera.

Iratxe Ostolozaga Otxarkoagakoa da, Arbolantxakoa, eta 35 urte ditu. Euskara irakasle jardun da, eta Korrika-ko materiala merkaturatzeaz arduratzen zen Olatz Ezkirotz desfile bat antolatzeko laguntza eske joan zitzaionean. Uribarrikoak, berriz, 26 urte ditu, eta erabat baztertuta ditu Enpresa Zientziak.

Berena ez zen beste marka baterako diseinuak egin zituzten berenarekin aurrera egitea erabaki zuten arte. «Creamodara aurkeztu ginen; kamiseta batzuk atera genituen eta arrakasta izan zuten. Jendeari gustatu zitzaizkion», adierazi du Iratxek.

Elastikoak diseinatzen egin zituzten lehen urratsak modaren munduan. Aldi berean, patronajea eta joskintza ikasteari ekin zioten. «Olatz industria patronajearekin dabil eta ni modisteriarekin nabil. Gauza biak uztartzen ahalegindu gara. Guk egiten ditugu ereduak, prototipoak, baina ekoizpena Txurdinagako tailer batek egiten digu. Jantzi bakoitzeko 60 bat pieza eskatzen ditugu».

Trakabarrakaren bosgarren bildumarekin ari dira orain buru-belarri. 2007ko negurako diseinuak asmatzen dabiltza. Uda honetakoak produkzio fasean daude eta web orrian ikus daiteke aurrerapena; www.trakabarraka.com helbidean, hain zuzen.

Diseinu Ausartak

«Gauza diferenteen alde egin dugu. Beharbada horregatik, gure arropa ez delako oso arrunta, Euskal Herria txiki gelditu zitzaigun berehala. Komertzial batek gure markaren alde egiteko prest zegoela esan zigun, eta egun Estatu espainol osoan barrena saltzen dugu hainbat dendatan», azaldu du Ostolozagak. Hogei bat dendatan saltzen dute Olatzen eta Iratxeren arropa.

Pertsona kuriosoentzat, jantziaren atzekoa ezkutatu beharrean erakusteko asmoa duen lagunarentzat dira Trakabarrakaren sorkuntzak. Musika, marrazkiak eta bizitza bera dituzte inspirazio iturriak.

Zaila egiten zaio Iratxeri euren diseinuen ezaugarriak hitzen bidez adieraztea: «Ametsetatik, ipuinetatik ateratako arropa dirudi. Inozentzia puntu bat du; bizia da, ausarta eta jolasteko aukera ematen du: ez da modu bakar batean edo jakin batean eramatekoa. Gona batek hainbat testuinguru sortzeko aukerak emango ditu».

Oihalei dagokienez, udan pikearen alde egiten dute. Bitxia, tantoak ere gustuko dituzte. Neguari begira, «beroki zoragarriak» etorriko direla adierazi dute.

Bikotearen hasierako planetan ez zegoen denda propioa irekitzearena. Etxean egiten zuten lan, baina azkenaldian ez zeuden oso eroso espazio falta dela-eta. Lokal baten bila abiatu ziren lantegia han jartzeko. Azkenean, arropa leku berean sortu eta saltzen dute, Maiatzaren 2a kalean.Eurenak ez ezik beste gazte diseinatzaileen proposamenak ere erakusten dituzte.

Kokalekua argi zuten: «BilboZaharrean izan behar zuen. Merkeagoa delako inguru hori, baina, batez ere, geure buruak ez genituelako Alde Zaharrean ikusten, giro bohemioagoa bilatzen genuen. Gainera, Bilbo Zaharrarekin identifikatzen ditugu geure buruak. Gure proiektua berria da, eta auzoan sortzen ari den mugimenduarekin bat egiten dugu». Inguruan, jatetxeak eta artearekin zerikusia duten espazioak ireki dituzte azkenaldian.

Denda 12.30ean zabaltzen dute eta 21.00etan itxi. «Ez da denda masiboa, jende gutxi pasatzen da egunean, baina sartzen denak zerbait eramaten du», esan du Iratxek pozik. Bezero askorik ez baina atsedenerako tarte gutxi dute. «Lanean gaude ia egun osoan. Une honetan hurrengo bildumarako patroiak egiten eta josten ari gara. Denda ireki aurretik ikastera joaten gara».

Dena dago publikoari begira: salmentan dagoena eta sorrera bidean eskuartean daramatena. «Egiten duguna erakusteko gogoa genuen; maiatasun handiz egiten ditugu gauzak, eta hori igarri egiten da. Dena dago erakusleihoan». -



«Janzten duguna ere bagara»
Gehiago edo gutxiago gustatu, egunero aukeratzen dugu soinean zer jarri. «Janzten duguna bakarrik ez gara, baina hori ere bagara» da Olatzen eta Iratxeren leloetako bat. Trakabarrakak arroparekin «jolastu» eta «ausartak» izateko proposamena egiten digu. «Milaka aukera daude. Konbinaketa guztiak frogatu behar dira; kolore nahasketekin jolastu behar da, forma desberdinekin», nabarmendu dute diseinatzaile bilbotarrek.

«Mundu gris honen aurka joateko gure aparteko mundutxoa sortzen ahalegintzen gara», azaldu dute. Hala bada, dendako espazioari amets baten itxura eman nahi izan diote. «Amets batean sartuko bagina bezala da dendan sartzea: inozentzia puntu bat du, toke surrealista bat. Larrosarekin eta gorriarekin jolastu gara, normalean konbinatzen ez diren bi kolorerekin».

Mementoz, neskentzat bakarrik diseinatzen dute. Hala ere, inguruan dituzten gizonak diseinu eske joan zaizkie, eta baliteke...


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Compromisos multilaterales
Euskal Herria
La defensa renuncia a la pericial e insta a la Fiscalía a que retire las acusaciones
Euskal Herria
EPPK iniciará una nueva lucha en el próximo mes
Kirolak
Piterman: «La limpieza no ha terminado»
Jendartea
A la busqueda del abrigo en rebajas
Euskal Herria
Batasuna emplaza a Madrid y a ETA a hacer público su compromiso con el proceso político
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss