EBk ez du ikusten berehalako arriskua petrolio-hornitzean
·Azalpenak eskatu dizkie Moskuko eta Minsk-eko gobernuei oliobideak mozteagatik
Bielorrusiak petrolio-hornitzea moztea erabaki duen arren, Europako Batzordeak ez du ikusten «berehalako arriskua». Bielorrusiak Errusiatik Alemaniara eta Poloniara doazen petrolioz hornitzeko bideak moztu ditu. Bruselak Mosku eta Minskeko gobernuei «berehala azalpen zehatza emateko» eskatu die.
BRUSELA
Europar Batasuneko estatuek erreserba estrategikoak erabili beharko dituzten aztertuko dute, Bielorrusiak bere lurraldetik pasatzen den oliobidearen hornitzea moztea erabaki baitu. Ferran Tarradellas EBko Energiaren bozeramaleak adierazi du: «Oraindik ez dago asaldatzeko arrazoirik». Haren azalpenen arabera, Poloniak 70 egunerako erreserbak ditu, eta Alemaniak, 130 egun baino gehiagorako.Batzordearen arau baten arabera, estatuek gutxienez 90 egunerako erreserbak gorde behar dituzte, baina Poloniak eta kide berriek ez dute arau hori bete beharko 2009a arte. Andris Piebalgs Energia komisarioak azaldu zuenez, Przyjazn-go oliobidearen mozketak Eslovakiako eta Europako hego-ekialdeko hornitzean ere eragina izan duen ikertzen ari da Europako Batzordea. Przyjazn-go oliobidetik egunero 1,8 milioi petrolio upel iristen dira Poloniara eta Alemaniara. Bielorrusia zeharkatzen duten oliobideetatik, berriz, Europar Batasuneko kontsumoaren %12,5 iristen da. Bielorrusiak atzo adierazi zuen Poloniara, Alemaniara eta Ukrainara iristen den Errusiako petrolioaren hornitzea moztuko zuela. Errusiak, berriz, Minsk-eko Gobernuari egotzi zion petrolio hori legez kontra bereganatzea. Moskuk Bielorrusiari saltzen dion gasa garestitu zuenean hasi zen arazoa. Neurri horri erantzuteko, joan den astean, bere lurraldetik pasatzen den petrolioari zergak ezartzea erabaki zuen Minsk-eko Gobernuak.
Mendekotasunaren beldur Tarradellasen arabera, Errusiaren eta Bielorrusiaren arteko arazoa da, eta ez luke Europako Batasuneko hornitzean arazorik sortu beharko. Hala ere, duela urtebete sortutako krisiaren beldurra berpiztu da. Joan den urtarrilean Errusiak gas hornitzea moztu zion Europar Batasunari Ukrainarekin prezioen inguruan zituen desadostasunak zirela-eta.
Errusiak ez ditu negoziazioak hasiko Bielorrusiak zerga kendu arte, Andrei Sharonov Merkataritza Ministerioko zuzendariordeak adierazi zuenez. Zerga legez kontrakoa dela berretsi eta egoera «merkataritza gerra batekoa»dela esan zuen. Zigorrak ezartzeko prest dagoela gaineratu zuen. Alemaniako Gobernuak uste du hornitzea laster berreskuratuko dela eta ez duela arazorik sortuko bere findegietan. Gainera, erreserba nahikoak dituela ziurtatu zuen. Iritzi bera du Piotr Naimskik Poloniako Ekonomia ministroordeak.
|