Bakartzean oinarritutako politikak ez duela ezer konpondu onartu du Balzak
BILBO
Javier Balza Lakuako Barne sailburuak elkarrizketa politikoaren alde egin zuen atzo Radio Euskadin, eta, ondorioz, Juan Jose Ibarretxek Bilboko manifestaziorako aukeratu duen leloari babesa eman zion. «Bakea eta elkarrizketaren alde» izango da gaur ofizial bilaka daitekeen deialdiaren mezua, jakinarazi dutenez. «Gizarte honen %80k, gizarte honen zentralitateak, ETAren aurka Justizia eta Polizia nahi ditu, baina ez hori bakarrik; ekimen politikoa ere nahi du ziurtatu zuen Balzak Radio Euskadin. Ez ditugu ekimen hori eta alderdien arteko eztabaida bazterrean utziko. Hau egitea politikaren giltza ETAri ematea litzateke». Batasunarekin hitz egin beharra dagoela nabarmendu zuen Javier Balzak, eta honako hau jakinarazi zuen: «Gizarte honen ehuneko handi bat hartzen du ezker abertzaleak, eta gizarte honetan ditugun ara zoak gainditzeko berarekin hitz egin beharko dugu». «Beste kontu batzuen artean, bakartzean oinarritutako politikak ez duelako ezertxo ere konpondu», adierazi zuen Ertzaintzaren arduradunak.
PSEk ere egin du
Egoera horretan, PSEk manifestazio horri emandako babesaren inguruan hausnarketa egin zuen Balzak. Patxi Lopez buru duen alderdia leloaren lehendabiziko zatiarekin («bakearen alde») bat dator; ez, ordea, bigarrenarekin («elkarrizketaren alde»). «Badakigu horrekin PSEkoak nonbait deseroso daudela, baina baldintzak zeudela ikusi dutenean elkarrizketa erabili dute», adierazi zuen Javier Balzak alde horretatik. Edonola ere, PSEk manifestazioari emandako atxikimendua eskertu zuen sailburuak. Eta lehendakariaren ekimenaren inguruan EAJren barruan ez dela inolako desadostasunik adierazi zuen. Gauza bera egin du Ińigo Urkullu alderdiko eledunak.
|