- Areto Futbola
Hegoaldek atzera egin du Riojaren aurka etxean galduta
TOLOSA
Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Hegoaldek bolada ona amaitutzat eman zuen herenegun Rioja Dimante taldearen aurka etxean 3 eta 4 galdu baitzuen.Norgehiagoka oso orekatua eta estua izan zen, bietako edonork irabazteko modukoa, eta azkeneko segundora bitarte ezin izan zen jakin garaipena norena izango zen. Hegoaldek ez zuen gaizki jokatu, baina horrelako partida estuetan zortea ere behar izaten da, eta Logroñoko taldeak handiagoa izan zuen. Emaitza horren ostean, gipuzkoarrek ia ezinezkoa izango dute lehenengo zortzietan sartu eta Kopa jokatzea; Riojak, aldiz, aukera handiak izango ditu horretarako. Emi Ugartek, Maider Lopezek eta Ane Larraña-gak egin zituzten Hegoalderen golak.
GSIren fitxatzea
Mutiletan, baina Zilarrezko Mailan, GSI Bilbok jokalari bat fitxatu du, neguko merkatua zabaldu bezain azkar. Adri ekarri du Azkar Lugotik, eta denboraldia amaitu bitarte Bilbon arituko da utzita. 20 urte ditu eta hegaleko postuan jokatzen du. Etorkizun handiko jokalaria da, baina maila erakusteko minutuak behar ditu. Lugon ez zituenez, Bilbora etortzeko erabakia hartu du, baina denboraldi amaieran joan egingo da.
|