Aitor ELKORO | Pilotaria
Bakarrak ez, baina Irujo eta Goñi faborito argiak dira
Txapelketa hasiera lesioek markatuta iritsi zaigu aurten. Olaizola II.a eta Xala pilotari oso handiak dira eta, beraz, hutsune nabarmenak maila honetako txapelketa batean. Min hartutakoen egoera ikusi beharko da, baina baliteke ligaxkako azken sailkatua final-laurdenetan aurkari gogorra suertatzea aldaketen ondorioz, edota ligaxkan ongi ibili direnak behera etortzea lehiaketa aurrera joan ahala. Edonola ere, lehen jardunaldian nahiko argi gelditu da zein diren gertu-gertutik jarraitu beharreko bikoteak.Azkenetik hasita, igandean oso nabarmen geratu zen Irujo eta Goñi faborito bakarrak ez agian baina argienak badirela behintzat. Juan beste guztiak baino maila bat gorago dago eta jarri dioten atzelariarekin oso zaila izango da bikote hori mendean hartzea. Egia da hasieran lan dezente egin behar izan zutela Koka asko gustatu zitzaidan, oso lotsagabe jokatu zuen, baina azkenean erraz antzean joan ziren 22ra. Otxandorena ere ez zen gaizki aritu, eskuinez ongi atzeratu zuelako, baina Irujori pilota kentzeko seitik atzera jo behar da eta hori ia ezinezkoa da. Komeniko litzateke Aimar Olaizola lesiotik ongi eta garaiz osatzea, kanporaketak hasten direnean bikoteren batek 2005eko txapeldunei aurre egiteko. Larunbatean, Titinek eta Lasak ere irudi oso ona eman zuten. Partida horretan Patxi Ruizek zertxobait gehiago agintzea espero nuen, duen eskuin horrekin aldeak ireki beharko bailituzke. Zaila da esatea zer puntutaraino aritu zen dena emanez edo eman gabe, baina pixka bat gehiago eskatu behar zaiola uste dut. Oskar oso ongi ikusi nuen, bai defentsan baita batzuetan agintzen ere. Eta Titini buruz zer esan... duen adinarekin erritmo horretan jokatu eta horrenbeste tanto amaitzea txalogarria da. Bergarakoak, bestalde, harritu egin ninduen. Ez nuen neurketa ikusi, baina Chafee eta Eulate 9an uztea harrigarria iruditzen zait, batez ere, biak azkenaldian oso ongi jokatzen ikusi ditudalako. Horrek oso ongi hitz egiten du Leitza eta Zearraren alde. Bikote indartsua da, tantorik galdutzat emango ez duena eta kontuan hartu beharrekoa. Bukatzeko, ostiralean Gonzalezen eta Pascualen garaipena Tolosan. Erregulartasuna falta izan zaie betidanik, baina sasoi betean badaude eta badirudi garai onean harrapatu diela txapelketak edozeini sekulako kaltea egin diezaiokete, adibidez, Olaizola eta Beloki bezalako bi jotzaileri. -
|