Julen Murgoitio
Kalaka
Itxura batean, Bilbo ez da gatazkak konponbidean ipintzen hasteko hiri egokia. Ezta hurrik eman ere. Egokia izatekotan titaniozko museoren bat, lorezko zakurra eta guztiz, ikusteko izan liteke, besteak beste, baina ez gatazkak konponbidean ipintzeko. Bilboko kale nagusiak estuegiak dira horretarako. Ez dira pankartak eskatzen duen beste zabal. Hortik datoz arazoak, gatazkari lotuak berak txikiak balira bezala. Lehen bestelakoa zen, pankarta zabaldu eta segituan, aitaren batean, jendea pankartaren atzean lerratu eta abiatu egiten zen manifestazioa, oihu edo isil. Orain ez, orain diferentea da, klima-aldaketaren eraginez, seguruenik; klima politikoaren aldaketarenez. Orain manifestazioa abiatzeko lekuan eta orduan agintariak pilatu egiten dira lurrean zabal hutsik dagoen pankarta baten inguruan, eta orduantxe hasten dira leloa, gora eta behera, kalaka, adosten. Zer-nori-nork, nor-nork, nork-zer... hizkuntzalariak inguruan dituztela, aholkulari edo. Bitartean, Ertzaintzaren ur-kamioia hantxe, zisterna bete pintura, ondo-ondoan ertzain batzuek mangera eskuan eta pankartari zuzenduta dutela, zer idatzi agindua jaso zain. Eta agintariak kalaka oraindik, hitz bakoitzaren esangura hirukoitzean murgilduta, adiera ofizial bakarra zehaztu gurarik, metro eskas batera hizkuntzalariek hiztegiaren orriak banan-banan apurtu eta paperontzira botatzen ari diren bitartean. Azkenean, hitz bakoitzaren adiera zehatza agintarion artean adostuta hurrengo fasea dator, hau da, hitzok pankartara biltzeko ordena adostea. Eta kalaka berriro ere. Hitzen ordena ez baita biderkadura baten faktoreena bezain sinplea. Pankartaren behin betiko diseinua adostua eta mangerakoak idazteko prest daudela, zurrumurrua lehen eta kalapita gero hasi da zabaltzen pankarta inguruan, agintari batzuek manifestatzeko zain daudenen artean jende susmagarria ikusi baitute, ezker abertzalekoak! Segituan bildu dira berriz ere konklabean agintariok pankartaren inguruan, adostu berriko diseinuaren okerraren bila. Ordu bi geroago diseinu berritua dute adostua, eta pozik daude jada, jende susmagarriak alde egitea lortu baitute. Bostekoa luzatu diote elkarri agintariok, tabernetan bezala manifestazio ofizialetan ere onarpen-eskubidea bermatua izan delako. Dena dago prest pankarta idazteko. Idatzi ere egin dute, azkenean, pankartaren oihalean leku batzuk zuriz utzita, badaezpada ere, ibilbidearen erdian agintariren batek eskatuta beste zerbait idatzi behar izatekotan lekua izan dadin. Tira, jada zabaldua dute pankarta idatzia kalean, bazterretik bazterrera eta bazterretan tolestua, ezin kabituzkoa da-eta. Dena dago prest abiatzeko. Dena? Ez! pankartari eutsi behar diotenen ordena adostu gabe dago. Pankarta berriz bildu eta espaloian batu dira beste behin ere konklabean agintariak. Kalaka. Ordu bete geroago hitzartua dute ordena, eta pankarta berriro izan da zabaldua. Orain bai, abiatzear dago. Baina atzera begiratu eta ikusi-makusi! zer ikusi agintariok? Jesusen Bihotz Sakratua baino ez. Baina non da jendea? Jendea aspaldi zen abiatua, eta dagoeneko heldua ere Bilboko udaletxe aurrera. Pankarta gabe, diskurtsorik gabe, amaitu dute manifestazioa. -
|