GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-14
Samina euskal mendizaletasunean
Bera eta Lesakako hiru mendizale hil dira Taillon igotzen, amilduta
Saminak eta doluak jo zituen atzo Bera eta Lesaka. Eguerdi-partean iritsi zen zorigaiztoko albistea bi herrietara. Taillon mendian gora zihoazela irrist egin eta Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea lehengusu beratarrek eta Xabier Saralegi lesakarrak bizia galdu zuten. Eurekin zihoazen beste bi lagunek eman zieten abisu erreskate taldeei, baina ezer gutxi egin ahal izan zuten. Hilotzak Tarbesera eraman zituzten bertan autopsia egin ziezaieten. Atzo, azken orduan, senitartekoek oraindik ere ez zekiten gorpuak Euskal Herrira noiz ekartzeko modua izango duten.

DONOSTIA

Xabier Zubieta Erkizia eta Luis Mari Pikabea Zubieta, 33 urteko lehengusu beratarrak, eta Xabier Saralegi Alzate 32 urteko lesakarra dira atzo goizean Taillon mendia igotzen ari zirela amildu eta hil diren mendizale euskaldunak.

Gavarnieko CRSko salbamenduko taldeak azaldutakoaren arabera, 10.30ean gertatu zen ezbeharra Taillon (3.144 m) tontorreko ipar aurpegian. Ezbeharra gertatu zenerako gaina hartua zuten eurekin joandako Edurne Pasabanek eta Asier Izagirrek eta eurek eman zieten abisu erreskate taldeei hiru mendizaleak amiltzen ikusi zituztenean, familiako gertuko iturriek azaldu zutenez. Dirudienez, hiru lagunak ilaran ari ziren igotzen eta lehenengoak irrist egin eta erortzean atzetik zetozen bi lagunak eraman zituen aurretik. Salbamenduko kideek esan zutenez, 300 bat metrotik erori ziren.

Istripua gertatu zen lekura salbamenduko kideak iristerako hiru mendizaleak hilik zeuden. Euren gorpuak atera ostean hilotzak helikopteroz eraman zituzten Tarbesera.

Heriotzaren berri izan bezain laster, Tarbesera bidean jarri ziren hildakoen senide eta lagunak. Familiako gertuko iturriek aditzera eman zutenez, atzo iluntzean oraindik ez zekiten gorpuak noiz etxeratu ahalko zituzten. Litekeena da bihar arte Bortzirietara ekartzeko modurik ez izatea.

Herriak suminduta

Hiru mendizaleen heriotzaren berria bazkalostean iritsi zen hildakoen herrietara. Berehala zabaldu zen albistea, ezagunak baitziren oso hiru mendizaleak bi herrietan. Segituan jarri zituzten batean eta bestean xingoladun ikurrinak.

Agerra Mendi Elkarteko Agustin Olaziregi Berako herritarrak azaldu zuenez, bi mendizale beratarrak gaztetxo zirenetik zeuden mendi mundura lotuta eta ezagun ziren oso herrian. Gauza bera zioen Geno Errandorena beratarrak. Herria lur jota zegoela adierazi zuen, «herriko pertsona ezagunak baitziren hildakoak, baita beren setitartekoak ere». Hori dela-eta, berria jakin bezain laster sumina nagusitu zen beratarren artean.

Zubietaren senide batek aditzera eman zuenez, mutil alaiak ziren Zubieta eta Pikabea eta mendia tarteko zen edozein ekintzetan buru-belarri egiten zuten lan.

Xabier Saralegi lesakarraren gainean ere hitz onak baino ez zituzten. «Umila, anitz alegrea, eta, batez ere, lagunen laguna zen Xabier». Horixe zioen bere adiskide minetako batek atzo arratsean. Nabarmendu zuenez, mendirako afizio handia zuen Xabierrek, eta «tarte bat zuen bakoitzean abiatzen zen mendira; bere pasioa zen».

Lesakarrak burua altxa ezinda dabiltza. Saralegiren adiskidearen arabera, «shock» egoeran zegoen herria albistea jaso zutenetik «astebetean bi gazte ezagun galdu» dituztelako. Izan ere, oraindik ere iragan astean Anayet mendian hil zen Unai Etxepare lagunaren heriotzak kolpatuta zituen, eta Xabierrenaren berriak erabat lur jota utzi zituen. Zera ekarri nahi izan zuten gogora, gainera, Saralegiren lagunek: «Xabier bera izan zen iragan astean Unai Etxepare bere lagun minaren gorpua aurkitu zuena».

Mendizale ugariren trabesia

Mendizale ugarik aukeratzen duten bidea da Taillon tontorreko ipar aurpegia, teknikoki eskarmentua eskatzen badu ere. Bertan ziren atzo Josune Bereziartu eta Rikar Otegi. Eurek adierazi zutenez, egoera onean zegoen pareta eta mendizale mordoska zebilen bertan. Istripua ikusi ez, baina helikopteroa inguruan ikusteak ezer onik ez zela pentsarazi zioten. Geroago jakin ahal izan zuten ezbehar horretan hiru mendizale euskaldunek galdu zutela bizia.



Oso gazte afizioa hartutako gazteek eskarmentu handia zuten mendian
M.E.

DONOSTIA

Serioski kolpatu zituen hiru mendizaleen heriotzak beren jaioterriak, baina baita euskal mendizaletasuna ere.

Herritar eta ezagunek nabarmendu dutenez, eskarmentu handiko mendizaleak ziren hirurak. Luis Mari Pikabea eta Xabier Zubieta lehengusuak gaztetatik izan ziren mendirako afizio handikoak. 1999an Gasherbrum II (8.035) tontorrera igo ziren.

Era berean, bi lehengusuek parte hartu zuten 2001ean Shisa Pagma (8.027) Martiko espedizioan. Orduan ez zuten zortzi milakoa igotzea lortu eta iragan udazkenean Pikabeak arrakastarik gabeko beste saialdia egin zuen Edurne Pasabanekin batera.

Xabier Saralegi lesakarrak ere mendirako afizio handia zuen eta eskarmentu handia hartutakoa zen. Alpeetan behin baino gehiagotan izana eta Pirinioko tontorrak primeran ezagutzen zituena zen.

Era berean, bere ingurukoek esandakoaren arabera, Caracorumen ere egona zen. Hirurek ere, gertukoek azaldu duten moduan, txiki-txikitatik zuten mendirako afizioa.

Lehengusu beratarrak herriko mendi elkartean ere arituak ziren eta egiten ziren ekitaldi askoren antolatzaile eta bultzaile ere izan dira.

Gaurko Agerra Mendi Elkarteak Goizuteara mendi irteera zuen iragarria, baina berori bertan behera geratu da herritarren heriotza dela medio.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Bera eta Lesakako hiru mendizale hil dira Taillon igotzen, amilduta
Euskal Herria
Ibarretxe reúne a cerca de 44.000 personas en Bilbo
Ekonomia
Caballito despide al presidente del comité durante la huelga
Mundua
Sinn Féin lidera el proceso irlandés abriendo un debate interno sobre la Policía
Euskal Herria
«Se necesita un chequeo y hablar para superar todos los obstáculos»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss