GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-14
Hamaika Bertute ekimenak gogotsu eta festa baztertu gabe abiatu du bere ibilbidea
Kalitatezko bertsogintzaren aldeko apustua egiten duela diote Hamaika Bertuteko kideek, eta abiatu berri duten egitasmoaren xehetasunen berri emateko baliatu zuten atzoko hitzordua. Teorikoki, eta praktikoki. Izan ere, prentsaren aurrean aritu ostean laster heldu baitzioten bertsoari, musikatua izan, triki-poteoan egin edota bazkarian gozatuz. Egun osoko egitaraua prestatua zuten aurretik, eta hamaiketakoaren bueltan eman zioten hasiera horri. Saioak antolatzeko behar adina diru ez dutenei bideratuta dagoen eta kantatzeko gogoa duten bertsolariei aukera emango dien proiektua darabilte esku artean. Egina dute lehen urratsa.

DONOSTIA

Bertsogintzak elkartu duen taldea da Hamaika Bertute izenez bataiatu duten hau. Dagoeneko 36 bat lagunek egin dute bat proiektu berriarekin, eta gerora gehiago ere anima litezke, alde horretatik «zabalik» daude-eta. Finean, bertso saioetan jarduteko gogoz dagoen taldea da, eta saioetako antolatzaileen zein Hamaika Bertuteko kideen artean zubi bat eraiki nahi dute.

Horiek lirateke bertsolari kolektibo sortu berriaren aurkezpen orrian ager litezkeen ezaugarri nagusietako batzuk. Baina, hori ezezik, besterik ere badute helburu gazte hauek: finean, saioak antolatzeko behar adina diru ez dutenei bideratua dagoen, eta, bide batez, kantatzeko gogoa duten bertsolariei aukera emango dien proiektua baitute eskuartean.

Hori hala, plaza beharrean dauden bertsolarientzako aukera eta gizarteari zuzendutako kultur eskaintza ere bada Hamaika Bertute. Eta horren lekuko izan zen atzo Donostiako Alde Zaharra.

Hain zuzen ere, prentsaren aurrean lehenbiziko agerraldia egin zuten atzo goizean egitasmoko kide gehienek. Eta, argazki-poseen ostean iritsi zen aurkezpenerako hautatutako egun luzeari aurre egiteko beharrezkoa zuten «substantzia» ere.

Hamaiketakoa; gero gerokoak

Okela eta txorizo egosia, salda beroa, sagardoa... Trinitate plazan hamaiketakoa izan zuten aukeran bai bertsolariek, bai bertaratutakoek. Eta, berotasuna sentitu artean ez ziren iritsi hitzorduko lehen bertso musikatuak, ohiko legez.

Gitarraren eta harmonikaren laguntzaz, “Potajiarena” (Bilintx) kantatu zuten lehenengo plazan; guztien artean abesteko prestuki banatu zituzten aurretik hitzak zeramatzaten orriak.

Segidan Pedro Mari Otañoren “Urte berri” zein “Mari Juanaren balada” entzun eta abesteko paradarik ere izan zen. Eta, bien bitartean, “Hamaika Bertute”ren gaineko bertso musikatuak etorri ziren. Hain zuzen ere, azken hori luzeagoa izan arren, lehenengo bi bertsoek proiektuaren funtsa nabarmentzeko balio zezaketen. Zera zioten “Aizak, hi, mutil mañontzi” doinuarekin abestutakoek: «Kaixo lagun: Ba al zatoz? / ez zaitut bete nahi datoz, / baina aurtengo bertso zuhaitzak / fruituz lepo datoz. / Ondo pasatzeko asmoz, / ondo pasaraztea, poz. / Euskal Herrira ale berriak / zabaltzera gatoz»; «Sarri bertso eskolara / eta gutxitan plazara. / Saio gabeko bertsolaria / txori mutua da. / Makina prest dugu jada, / behin hartzean abiada, / berriro ere txori kantari / bihurtuko gara».

Pixka bat kosta zitzaien, bai, baina pare bat animoren ostean mikrofonora hurbildu ziren lehen bertsolariak bertaratutakoen aurrean lehenbiziko saiotxoak eskaintzera. Lehenbizikoak, bai, egun osoko egitaraua baitzuten gero aurretik.

Hala, bertso triki-poteoa, Suhazi jatetxean bertso-bazkaria, eta berriz ere bertso triki-poteoa zuten aurrez ikusita.Ezbairik gabe, hamaika bertu- teren jabe diren ala ez jakiteko paradarik eskainiko zuten egitasmoko partaideek. Egina dute, beraz, ibilbideko lehen pasartea. Gero, gerokoak.

Eskaintza eta eskaera

Bertsoa protagonista izango den edozein saiorako bertsolariak eta gai-jartzaileak eskaintzen ditu taldeak. Horren truke, partaide bakoitzeko 25 euro ordaindu beharko ditu antolatzaileak, saioko gastuekin batera. Hamaika Bertutek «bertsoa duintasunez» eskaintzeko xedea duenez, saioaren protagonista bertsoa izatea eskatzen du, baita zera ere: jendea entzuteko prest egotea, saioaren propagandaz antolatzaileak arduratzea, norbait arduratzea bertsolariei harrera egiteaz, eta megafonia eta bestelako baliabideak eskaintzea. Informazioa www. hamaikabertute.net webguneak dakar.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Bera eta Lesakako hiru mendizale hil dira Taillon igotzen, amilduta
Euskal Herria
Ibarretxe reúne a cerca de 44.000 personas en Bilbo
Ekonomia
Caballito despide al presidente del comité durante la huelga
Mundua
Sinn Féin lidera el proceso irlandés abriendo un debate interno sobre la Policía
Euskal Herria
«Se necesita un chequeo y hablar para superar todos los obstáculos»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss