GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-14
Zaldizkoak trumoi erasoan
Jim Morrison eta John Densmorekin batera The Doors taldea osatu zuten Ray Manzarek-ek eta Robby Kriegerrek. Herenegun, azken bi horiek Ian Astbury kantariarekin batera osatutako taldeak Gaska kiroldegia bete zuen Donostian, nostalgiaz beteriko gau batean, The Doors mitoaren kantak jo eta 40 urte gaztetzeko asmoz: Riders on the Storm.

Pertzepzioaren ateak araztuko balira, dena benetan den moduan agertuko litzateke gizakiaren begietan: infinitu». William Blake olerkariaren ahapaldi hori oinarri hartuta sortu zen The Doors taldea 1965. urtean, Jim Morrison olerkariak Ray Manzarek musikariarekin topo egin zuenean. «Ezaguna eta ezezagunaren artean dagoen atea izan nahi dut», zioen abeslari mitikoak orduan, Robby Krieger gitarra-jotzaile trebearekin eta John Densmore bateria-jotzailearekin elkartu eta sei disko ateratzeko (taldeak beste hiru plazaratuko zituen abeslaria hil ostean).

Artean ezezagun zela, Whisky A Go Go izeneko aretoan jotzen zuen gauero taldeak, “The End” kanta ezagunarekin hasita. Bertan, musikariek jarritako soinu horma profitatuz, olerkiak inprobisatzen zituen Jimek, gau batean “Aita, -bai seme-, hil nahi zaitut. Ama, zurekin jo nahi dut” oihukatu zuen arte. Gehiegi iritzi eta kaleratu egin zituen aretoko jabeak. Holzmanek Elektrarekin sinatzeko aukera eskaini zien orduan, eta lan guztietan ekoizle izango zuten Paul Rothchild aurkeztu, 1967ko urtarrilean, justu duela berrogei urte, “Ateak” ezinbestekoa emateko: arriskua eta berrikuntza.

40 urteko sama

Ikusmina eta zirrara zen nagusi kiroldegian, The Doors taldearen musika ­inoiz amestuko ez genuen bezala­ taldeko musikari biren eskutik entzuteko ez zegoen Euskal Herriko rock talde ezagunetako partaideak bertan ikustea besterik.

Ray Manzarek (1939ko otsailaren 12a, Chicago) teklatu-jotzaileak, bandaren soinuaren arduradun nagusiak eta Robby Kriegerrek (Los Angeles, 1946ko urtarrilaren 8a) The Doors of the 21st Century osatu zuten 2001ean, gero Riders on The Storm deitua. Horretarako, Ian Astbury The Cult talde indartsuko abeslaria gonbidatu zuten, Morrison ordezkaezinaren tokia har zezan. Erabaki aproposa benetan, Donostian abeslariaren ahots sendo eta ahaldunaren gaitasuna entzunda.

Bere garaian baxu-jotzailerik ezean Manzareken teklatuek tresna hori ordezkatzen bazuten ere, zuzenean Toy Dennis bateria-jotzaileak (Densmore gaixorik dago eta ez du talde berria aintzakotzat hartzen) eta Phil Chen baxu-jotzaileak ­Kriegerrek bakarka duen taldekoak­ laguntzen du soinuan oholtzaren aurrealdean irmo eta mugimendu handirik gabe paratutako hirukote beteranoa.

Printzipioz txikia eta itxia ematen zuen pista toki aproposa suertatu zen emanaldirako, taldeak egun hain erabiliak eta arrakastatsuak diren argi efektu bereziei eta pantaila erraldoiei muzin egin baitzien, eta hala, arreta bakarra, zegokion bezala, kantei eskaini zien, publikoarekin hurbiltasuna lortu nahian, soinuak gorabehera batzuk izan zituen arren, areto txiki batean bageunde bezala.

Zurrun eta puntual samar hasi zen ikuskizuna, Manzareken gidaritzapean. Ohi duten legez, “Roadhouse Blues” kantak hasi zuen festa, 1970ean Morrison Hotel lana zabaltzen zuena eta bertsio gehien jaso duena. Kanten arteko tarte handiegirik gabe eta publikoari alferrikako hitz edo keinurik egin gabe, bata bestearen atzetik jo zituzten denborak herdoildu ez dituen doinu ezagunak, “Break On Through (to the other side)” kasu. Hiruzpalau kantaren ondoren aurkezpenak egin zituen teklatu-jotzaileak, eta “Alabama Song (Whisky Bar)” eta “Back Door Man” heldu ziren. Badira lau hamarkada aipatu hiru kantok sortu eta lehen lanean eman zituztenetik eta debut lan horretan oinarritu zuten herenegungo emanaldia.

Bere garaian gerraren aurkako garrasi bortitza izandako “Five to One” (Waiting for the Sun 1968) jo aurretik, Bush aipatu zuen Ray teklatu-jotzaileak, eta maitasuna aldarrikatu zuen. Disko bereko “Spanish Caravan” kantuarekin jarraitu zuten, Kriegerrek Aranjuezko kontzertuan inspiratutako introa gitarra akustikoz eskaini ostean. Ianek panderoz lagundu zuen gitarra-jotzailea tarteka marakak ere erabili zituen eta tekila eta peyotea aldarrikatu zituen, Morrisonen zaletasun omen zirenak.

Bukaera gertu genuen arren, hotz samar ziren entzuleak. “Peace Frog”, “21st Century Fox” eta “Moonlight Drive”, azken hori 67ko Strange Days diskokoa, errenkadan eman eta James Brownen “Sex Machine” omendu ondoren, azkena, “L.A. Woman”, Ianek Parisen zendutako mitoari eskainia: “This is for Jim”. Ordu eta erdi eskaseko emanaldia luzatzeko, beste bi harribitxi izan genituen bisetan. Lehenengoan, trumoi eta tximisten ondoren, taldeari izena ematen dion eta Morrison bizi zela grabatu zuten azken kanta, abeslariak zuzenean sekula kantatuko ez zuen “Riders on the Storm”, 1971ko L.A. Woman diskoa ixten zuena. Azkenekoan, Manzarek eta Kriegerren luzimendurako, “Light my Fire”, taldearen ikurra.

Kantek gaurkotasuna galdu ez duten arren, ez dira alferrik pasatu 40 urte eta ez gaude 1967ko Los Angelesen.

Galdua da hain zirraragarria zuten arriskua.-

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Bera eta Lesakako hiru mendizale hil dira Taillon igotzen, amilduta
Euskal Herria
Ibarretxe reúne a cerca de 44.000 personas en Bilbo
Ekonomia
Caballito despide al presidente del comité durante la huelga
Mundua
Sinn Féin lidera el proceso irlandés abriendo un debate interno sobre la Policía
Euskal Herria
«Se necesita un chequeo y hablar para superar todos los obstáculos»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss