GARA
DONOSTIA
Valentziako Pamesa eta DKV Joventuten etxean jokatu beharko dute Lagun Aro Bilbao Basketek eta Bruesa GBCk gaur izango den ACB Ligako 17. jardunaldia.
Lehenengo itzuliko azkenengo jardunaldia den honetarako, lan zailak egokitu zaizkie euskal talde biei. Beren aurkariak Pamesak beste emaitza batzuei begira egon behar duen arren Kopan sailkatzeko borrokan bete-betean sartuta daude eta oso motibaturik kantxaratzeko arrazoiak dituzte.
12.30ean jokatuko dute Pamesak eta Bilbao Basketek. Partida horretarako, apendizitisak jota egon ostean, Javi Salgado Santutxuko joko antolatzailea jokatzeko prest izango da. Aldiz, Levantekoek Dejan Milojevic hegalekoa galdu dute gaur eguerdirako.
Horiek hala, Txus Vidorretak «irabaztera» joateko asmoa azaldu zuen partida bezperako prentsaurrekoan.
«Pamesaren aurka lehiatzen ahal dugula sinetsita goaz eta, Bartzelonan eta Gironan gertaturiko moduan, irabazteko abagunerik izango dugula uste dut», esan zuen.
Aitzitik, Donostiako Bruesa GBC taldeak arratsaldeko zazpietatik aurrera DKV Joventut hartuko du.
Aito Garcia Reneses handiak zuzentzen duen taldea hazita dabil aspaldion. Ostegunean, Tel Aviveko Maccabi indartsu menderatu zuen, eta Kopan sailkatzeko nahikoa du gipuzkoarrei irabaztea. Rudy Fernandezek jokatuko ote duen ez dago argi, zaintiratua du-eta.
Porfi Fisacen taldea, berriz, aste gorabeheratsu baten
ondotik dator. Ostegunean Devin Davis ofizialki taldetik kanpora geratu zen eta
uneotan jokalari berri baten bila dabiltza donostiarrak. Gainera, Nacho Ordin
eta Devin Smithek arazo fisikoak izan dituzte asteon.