GONZALEZ - PASCUAL 10
LEITZA - ZEARRA
22
Pilotakadak: 657. Iraupena: 67 minutu. Markagailua: 0-4, 1-5, 4-5, 4-7, 5-7, 5-10, 6-10, 6-18, 7-18, 7-19, 8-19, 8-21, 10-21 eta 10-22. Sakez: 2 Gonzalezek eta 31 Leitzak. Gertaerak: Sarrera ona Zornotzako Amorebieta IV.a frontoian.
Asier AIESTARAN
DONOSTIA
Iñigo Leitzak eta Oier Zearrak beste joko eta sendotasun erakustaldi bat eman zuten Zornotzan eta ligaxkako lidergoan jarraituko dute. Lehen neurketan Chafee eta Eulate 9an utzi ostean, atzo Gonzalez eta Pascual menderatu zituzten espero baino askoz errazago horiek 10ean geratu ziren. Aspekoen gaitasuna eta lehen jardunaldian eman zuten itxura ona kontuan hartuta, Asegarceko bikoak meritu ikaragarria du.
Hala ere, gorriek ez zuten espero zen jokorik erakutsi. Iñigo Pascualek atzean ez badu agintzen eta Sebastien Gonzalezek aurrean ez badu malizia gehixeago erakusten, bikote horrek etorkizun iluna izango du. Atzo, Zearrak Pascuali eusten zion bitartean, Leitzak airean ibili zuen Gonzalez.
Norgehiagokaren hasiera, ordea, ez zen hain desorekatua izan. Urdinen lehen errenta azkar iritsi zen arren (0-4), Pascualen pilotakada onenak lehen tanto luze eta gogor horietan iritsi ziren pilota eder bat ere sartu zuen errebotean eta Amorebieta IV.eko markagailua berandu baino lehen parekatzea lortu zuten (4-5).
Baina hortik aurrera urdinak jaun eta jabe izan ziren. Pascual bere lehen hutsak egiten hasi zen eta Leitzak, berriz, joko bolada ona hartu zuen. Sakez bi tanto egiteaz gain, ezker gantxo zitala eta hormabiko ikusgarria sartu zizkion Gonzalezi eta markagailuan aurkariak bikoiztu egin zituzten (5-10).
Aspekoak presaka jokatzen hasi ziren. Gonzalezek sartu behar ez zuen pilota pare bat huts egin zituen, eta azkenean, neurketako partzial handiena ahalbidetu zuen urdinak 6-10etik 6-18ra alde egin zuten.
Partidaren hondarrean, lau pilotariak ikuskizun pixka
bat eskaini nahian ibili ziren. Gonzalezek hiruzpalau tanto ikusgarri amaitu
zituen ezker airez 7-18koa, hormabikoz 8-19koa eta txokoan utzita
9-21ekoa, baina Zearra ez zen atzean gelditu: txalo gehien berak eraman
zituen dejada bihurri batekin (8-20) eta ezkerrez bikain irekitako pilotarekin
(8-21).