Uhinak irrati libreak egoitza berria du
·Aiaraldeko informazioaren gaineko albistegiak izango dira aurtengo erronka, baita web orri berria ere
LAUDIO
Duela bi urte emititzen hasi zirenetik Laudioko kultur etxean izan da Uhinak irrati librea. Bertako estudioa behingoz utzi eta garai berriei ongietorria egin zieten atzo eguerdian, Karmen kalean kokaturik dagoen egoitza berriaren inaugurazioarekin. Bertaratu zirenek jai xumeaz, lunch-az nahiz DJak jarritako zuzeneko musikaz gozatu zuten. Ekitaldiaren barruan, datozen hilabeteei begira gauzatu duten proiektua ezagutarazi zuten irratikoek. Erronka nagusia Aiaraldeko tokian tokiko informazioa euskaraz emititzea da. Astelehenetik ostiralera bitartean, bi albistegi emango dituzte Uhinak irratian.
Goizez eta gauez Goizekoa zortzietan hasiko da eta ordubete iraungo du. Bigarrena, berriz, gau-partean entzun ahal izango da 22.15etik 23.30era bitartean. Horretaz gain, programazioari dagokionez, entzuleek hamaika irratsaio tematikoz gozatzeko parada izango dutela jakinarazi zuten.
Prestaturiko web orria jarri zuten martxan atzoko saioan bertan, www.uhinak.net izena duena. Eskualdeko zenbait herritara iristeko zailtasunak zituztela aintzat hartuta, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobatxatu nahi dituzte Uhinak irratikoek. Horrela, Aiaraldetik ezezik edozein tokitik entzun ahal izango da sarean. Era berean, proiektua ezagutarazteko asmoz, “egunkari txikia” prestatu dute, bere edukiarekin. 5.000 ale egin dituzte, eta eskualde osoan banatzeko asmoa dute.
|