«El sueño de una noche de verano», Arriagan
·Shakespeareren antzezlanaren egokitzapena gaur eta bihar izango da ikusgai
BILBO
Arriaga antzokiak William Shakespeareren “El sueño de una noche de verano” (“Udako gau baten ametsa”) antzezlana eskainiko du gaur eta bihar. Fantasiazko lan honetan arrazoimena eta desioa, loa eta esnaera, zentzumena eta eromena nahasten dira. Shakespeareren jatorrizko istorioa baso batean gertatzen da, gau magiko batean. Baina Arriagara datorren egokitzapenean, ostera, basoa Mediterraneoko hondartza bihurtzen da.
Hortaz, lehen izaki magikoen bizileku zen basoa, eta antzezpen honetan, aldiz, itsasotik irtengo dira pertsonaia berezi horiek guztiak.
Musikak kokapen aldaketa horretan funtsezko garrantzia du, Mediterraneoko epeltasuna eszenara eramaten laguntzen baitu. Kantak Antonio Carmona musikari espainolak sortu ditu bereziki ikuskizun horretarako, eta aktoreek beraiek interpretatuko dituzte.
Horietako bat Asier Etxeandia aktore eta kantari euskal herritarra da. Etxeandiak “Cabaret” musikalean zeremonia-maisuaren rola bete izan du.
Bestalde, Tamzin Townsend britainiarrak muntatu du antzezlana, eta Lazonafilms ekoizpenaz arduratu da.
|