Oso aspaldiko ohiturak berreskuratu ditu Gasteizko Kordoi Etxeak
GASTEIZ
Gasteizko Kordoi Etxeak “Neguko Jaiak” erakusketa etnografiko berria inauguratu zuen atzo. Arbasoen ospakizunen inguruko ibilbidea azaltzen da bertan, Gasteizko ondoko herrietan nahiz Euskal Herriko txoko ezberdinetan urtero-urtero egiten direnak. Markina-Xemeingo Hartza, Zalduondoko Markitos, Altsasuko momorrotxoak edota Lanzko Ziripot ezagunak aurki daitezke, beste askoren artean. Pertsonaia adierazgarrien arroparen, perkusio-instrumentu zaharren, animalien larruazalaren edo mozorroen bitartez arbasoen erritu eta ohiturak gogoan izatea lortu nahi du erakusketak. Bisitaria ospakizun horien «erdian» aurkituko balitz bezala senti dadila bilatzen dutela azaldu zuen Roberto Peña arduradunak atzo egindako aurkezpenean. Bertako girotzeak azaroaren 11n, San Martin egunean, laborantza urtea amaitu eta abenduaren 21ean negua hasten dela ekartzen du gogora. Eguzki-izpi ahulekin batera, neguko jaien berezko sinesmenak iristen dira. Otsailera bitartean, lurrak esnatzen hasi behar duen mementora arte, oso bestelako ohiturak aurki daitezke. Urtaro berriarekin batera, San Tomas datorrela gogorazi zuen Peñak. Baserritarrak errentak ordaintzera hiriburuetara joaten zirela eta bisita produktuak saltzeko ere aprobetxatzen zutela azaldu zuen. Horrela, urteko azoka ezagunetarikoa bilakatu zen. Neguko solstizioan suak duen indarra ere ageri da erakusketan. Gaur egun, Uribarriko urtegiaren azpian dagoen Garaio herrian, bestalde, Gabon zahar gauean lastoz egindako panpina erretzen dutela aipatzen da adibide gisa, urte amaieraren sinbolo zena, hain zuzen.
Inauteriak
Era berean, inauterietan baino ikus ezin daitezkeen pertsonaiak daude Kordoi Etxean. Jantziak originalak dira. Markina-Xemeingo Hartzarena, esaterako, bertako dantza talde batek utzia da, Altsasuko Momorrotxoarena familia bati eskatutakoa, eta Ziripotena erakusketarako egin dute Lanzko herritarrek. Horien ondoan, informazio-taulak jarri dituzte, etnografia arloaren ikertzaile nagusien dokumentazioan oinarri- tuta, hala nola, Julio Caro Baroja, Resurreccion Maria de Azkue eta Juan Garmendiaren dokumentazioan. Horretaz gain, karraka, kilimatrakak, zintzarriak eta espiritu gaiztoak itsutzeko erabiltzen ziren eta egun ere, zenbait tokitan erabiltzen diren bestelako tresnak ikus daitezke erakusketan.
|