Ahotsak-en eragiteko idatzia bidali die EBk bertako kideei
Aurreko egunetan, PSE Ahotsak-i baldintzapenak ezartzen saiatu da; atzo, berriz, Ezker Batua alderdiak aurkeztu zuen emakumeen plataforman eragin nahi duen ebazpen politikoa. Proposamen horrekin, Ahotsak-en barne eztabaida piztu nahi du EBk, «indarkeriaren inguruan gogoeta» bat egiteko eta haren aurka azaltzeko.
BILBO
Orain dela egun batzuk, PSEko Zuzendaritza Ahotsak plataformako kideei zuzendu zitzaien, eta, emakumeen mugimenduak aurrera egin dezan, Madrilgo atentatua «gaitzestea ezinbestekoa» dela esan zien. Atzo, berriz, Ezker Batuak aurkeztu zuen ekimena, eta ildo berean eragin nahi du. Idatzi bat osatu du, eta Ahotsak-eko kideei igorriko diela jakinarazi du, plataforman «ahalik eta azkarrena» eztabaida bat egin dezaten. Julia Madrazok eta Isabel Aulestiak aurkeztu zuten Ahotsak-ek «indarkeriaren inguruan gogoeta» egin dezan osatu duten proposamena. Bi emakume horiek Ahotsak-eko kideak dira, eta EBko Emakumearen idazkaritzako ordezkari gisa aritu ziren. EBko kideen esanetan, indarkeriari eusteak duen «paper negatiboa» baloratzeko barne eztabaida bat bideratu nahi dute, eta «indarkeriaren gaitzespen kolektibo argia, zalantzarik gabekoa eta esplizitua ekarri behar du». EBk osatu duen dokumentua, gainera, Ahotsak-eko kideei igorriko dietela jakinarazi zuten, «eztabaida ahalik eta azkarrena» egin dezaten, eta emakume taldea bera «gertatu denaren alboan gelditu ez dadin». «Ahotsak-ek bateragune gisa duen paperean sinesten dugu eta badakigu sentsibilitateen pluraltasunean dagoela etorkizuna, baina bakearen aldeko subjektu aktibo izateko beharrezkoa da argi uztea indarkeriak ez duela tokirik gure komunitatean», adierazi zuten Bilbon egindako agerraldian. EBren ebazpenaren arabera, «Ahotsak-en dokumentu fundazionalak dioen bezala, indarkeriak gatazkaren irtenbide elkarrizketatu baten bidea itsutzen du», baina, hala ere, indarkeria «modu argian gaitzesteko» galdegiten die emakumeen plataformako kideei. Azken egunotan Ahotsak-en inguruan sortu diren ika-mikak ez zituen aipatu gabe utzi Julia Madrazok: «Inongo alderdi politikok ezin du, kasu honetan PSEk, askatasunez egin beharreko eztabaida bat mugatu edo moztu». Hala, PSEko Zuzendaritzako bozeramaile Rodolfo Aresek herenegun esandakoak alboratu zituen.
Batasuna, «etsigarria» Osatu duen ebazpen politikoan, EBk, gainera, Batasuna zuzenean aipatu du. EB alderdiaren ebazpenak jasotzen duenaren arabera, indar independentistak Madrilgo atentatuaren ostean izandako jarrera «etsigarria» da, eta «ETArekiko duen menpekotasuna eta bere independentziatik eta autonomiatik erabakitzeko eta aritzeko duen ezintasuna agerian» utzi ditu. Batasunak, «hizketakide politiko» gisa ere, «sinesgarritasuna» galdu duela esaten du EBk egin duen dokumentuak, horrek «ETAren menpe» jarraitzen duen bitartean. Bestelako jarrera bat espero zutela eta horrela ez izanak «ondorioak» izango dituela adierazten du idatziak.
Ahotsak-en egotea «norbere aukera» da, Patxi Lopezen ustez
Atzo ere, hirugarren egunez jarraian, PSEko kideren bat Ahotsak-en gainean aritu zen. PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezen arabera, Gemma Zabaleta Ahotsak-en aritzea «aukera pertsonala» da, baina, era berean, bere alderdiaren nahia plataformak Barajaseko atentatua «gaitzestea» dela berretsi zuen. Gainera, Zabaletak parte hartzeak «PSE ez duela konprometitzen» nabarmendu zuen, baina beharrezkotzat jo zuen, eta birritan aipatu zuen, Madrilgo atentatua gaitzestea. -
|