GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2007-01-21
Julen Murgoitio
Lokatza

Ezezaguna zen orain egun gutxira arte Kyrill hori Europan. Kontinente zaharreko segurtasun indarrek eurek ere ez zuten ezagun; zantzurik bat ez, internet eta guztiz. Ezaguna egin da, ostera, orain egun gutxitik aurrera Europako mendebalde eta erdialdean; egun batzuetan, behintzat, ezaguna izango da geroko ahanzturak irentsi arte. Ekaitza izan da Kyrill hori, bortitza gainera. Hori dauka ona naturak, aitaren batean dzasta! eguneroko monotonia arrunt eta aspergarritik esnatu arazi egiten gaituela, han edo hemen kolpatzen. Modu naturalean kolpatzen beti ere, ezin gutxiago espero naturaren aldetik. Ehun eta hirurogei kilometro orduko haize ufadak dinbili-danbala, batetik bestera, hainbat eraikin bota ondoren geroko eraikuntza beste modukoa izan dadin aukera berria emanez. Inongo radarrek ezin izan du haize ufadon abiadura delitutzat hartu. Hainbat bazter astindu ditu Kyrillek, baina, are inportanteagoa dena, hainbat erdi kolpatu ere, bazterren gozamenerako. Non eta Europan, gainera, urakanen ohiko kolpaleku urrunetatik aparte. Haizetea handik eta lehortea hemendik. Urtegien ur-mailak agerian utzi berri ditu orain hainbat urte urpean harturiko herrietako elizen kanpandorreak; jada jubilatutako abadeen hunkigarri, sotanak gogoan. Eta horko kanpai-hotsak herri txikiek bizirik bizi nahi dutela ari dira lau haizetara aldarrikatzen. Tira, bost haizetara, Kyrill barne. Baina, tutuen azkeneko iturriak ikarak hartuta dauden arren, ez ote da demokraziaren seinale urtegiko hondoko lokatzak negu betean aukera izatea eguzkitan egoteko? Ee? Aukera hori berori nahi izango zuten hondartzako hareek uda betean bermatua izan.

Zabaldu da txotxaldia, eta sagardotegietako mahaiak betetzen hasi ere. Orain arte zaila izan bada mahai politikoa gauzatzea, are eta zailagoa izango txotxaldiak dirauen bitartean. Kontua ez da mahaiaren falta, ez horixe, kontua aulkien falta da, oraingo sagardotegietan jendeak gustua hartu baitio jesarrita egoteari, mahairik ez bada ere. Ene, ene! Herri honenak egin du ofiziozko politikariek zutunik hitz egiteko tradizioa berreskuratzen ez duten bitartean. Golfean zutunik egiten badute, eta txizan ere, gizonezkoek behintzat, zergatik ez elkarrizketan? Urtegietan bezala politikaren lokatza bera agerian utzi du prozesu politikoan nagusi den lehorteak. Honetan ere ekaitz jatorren bat beharko genuke, jatorra esan dut, inertzien astingarri, eraikuntza berrirako aukera berriak emanez. Tira! lehendakaria deklaratzera deitu dute, eta horretan batere esperientziarik ez dutenez, mobilizazioak iragarri dituzte jelkideek eta enparauek. Ez dakit horretara pankartarik eramango duten ala ez, baina badaezpada hasi daitezela gaurdanik kimikariarekin adosten pankartaren leloak, ez dute lan erraza izango eta.

Horra sansebastianak! Danbadak hartu ditu kaleak hor, eta uniformeen ordenak ere. Urte betea eman dute batzuek larrua tenkatzen eta danborraren bazterretara lotzen, danbor-hotsa gozoagoa izan dadin. Nik hotsa nahiago uniformeak baino. Baina ez beste inoren larruaren kontura. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Indarrak berritzeko unea iritsi da
Euskal Herria
«La propuesta de Uztaritze es una aportación de Ipar Euskal Herria al país»
Kirolak
El hombre de negro apostó por la roja
Euskal Herria
Jóvenes afirman que el TS «no va a parar el proyecto independentista»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss