NOAIN
Franke multinazional suitzarrak Mepamsak Noainen duen lantegia itxi egingo duela-eta, Batasunak gogora ekarri du Nafarroan kokatu zenean «Gobernuaren aldetik sekulako laguntza eta subentzioak» jaso zituela bertan instala zedin. Egun, «irabaziak ateratzen ari denean, Zaragozara alde egiteko mehatxua luzatu du, han eraikitzen ari den zentro logistikoa izanik Noaingo lantegia ixteko arrazoia». Batasunak gogor gaitzetsi du multinazional suitzarraren erabakia eta horren aurrean borrokatu egin behar dela adierazi du prentsara bidalitako komunikatuan. «Multinazional guzti hauek ezin dira nahi duten bezala ibili; subentzioak jaso, sekulako irabaziak lortu eta interesatzen zaienean inolako kosturik gabe, ospa. Ezin diegu halakorik onartu, izan ere, deslokalizazio eta multinazionalen prepotentziari aurre egin behar zaie».
Indar independentistak nabarmendu duenez, «multinazional espekulatzaile guzti hauei argi eta garbi esan behar zaie ezin direla ez herrieetaz ez eta herritarraz trufatu. Orain Mepamsa bada, aurrez Ufesa, Schneider eta Sanyo enpresetan gertatutakoa ere gogora ekarri nahi dugu».
Egoera honen aurrean, erantzukizunak daudela uste du Batasunak. Dioenez, gertatzen ari denaren «arduradun nagusia» Nafarroako Gobernua eta «beraz, Sanz jauna baino ez da. Sanz jauna multinazionalen aurrean makurtzen da».
«Zer die esateko galdetzen du Sanz jaunak kalean gera daitezkeen 193 langile horiei? Hau guztia gertatzen da inolako baldintza eta erantzunkizunik eskatu gabe lantegiak jartzeko baimena ematen zaielako, eta gero alde egitea erabakitzen dutenean ezin dutelako ezer egin», nabarmendu du.
Moeta horietako jarduera eta joerek beharrak agerian uzten dituztela esan du Batasunak. Bere aburuz, «honek guztiak agerian uzten digu Euskal Herrian burujabetzaren beharra eta industria planen beharra multinazionalen gehiegikeriei frenoa jartzeko».
Lanpostuak eta lantegia Noainen mantentzearen alde borrokatzeko deia luzatu du Batasunak.
«Deslokalizazioaren mehatxupean multinazionalek duten jokabidea» eta «moeta horietako ekinbideak zigorrik gabe gera daitezen permititzen dutenak (Nafarroako Gobernua)» salatu du TRWko enpresa komiteak ere.
Lanpostuen etorkizuna mantenduko duen irteera eskatu du eta Mepamsako langileei elkartasuna erakutsi die.