GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-21
Aines Dufau | IKAS euskal pedagogia zerbitzuko arduraduna eta Agur Xiberoa kazetako zuzendaria
«Inon atzematen ez diren berriak gure kazetan atzematea nahi genuke»

Zuberoako eskola elebidun eta ikastola guztien artean egiten dute Agur Xiberoa aldizkari euskalduna. Haurrek egina da, baina gizarte osora heltzeko xedea duen kazetaren lehen alea abenduaren 22an argitaratu zuten eta oso harrera ona izan du. Zubereraz soilik idatzia den aldizkari bakarra hiru hilabetean behin argitaratu nahi du koordinazio lanaz arduratu den IKAS euskal pedagogia zerbitzuak.

­Nola bururatu zitzaizuen aldizkari hau sortzea?

Egitasmo hau IKASek Zuberoan duen adarrean garatu da, hango langilea den Maritxu Lacarrieuk bultzatuta. Hori baldintza garrantzitsua izan da guretzat. Horrelako kazetak askotan egiten dira eskoletan, baina erdaraz, eta orain arte ez dugu euskarazkorik ikusi.

­Nola dago egituratua?

IKASeko arduraduna Zuberoan Maritxu Lacarrieu koordinatzailea izan da, eskola guztien arteko lotura egin du eta egitasmoa sortu du. Atharratze, Barkoxe, Idauze-Mendi, Maule, Mendikota, Muskildi, Sohüta eta Urdiñarbeko eskola elebidunak aritu dira, baita Zuberoako bi ikastolak ere, beraz, 350 bat haur dira orotarat. Bakoitzak zerbait egin du, taldean, noski.

­Nork idazten dituzte berriak?

Erredaktoreak haurrak dira, haurrek dute egiten. Beraiek dituzte erreportajeak egiten eta jokoak asmatzen. Beraiek idazten dituzte ordenagailuan ere eta hori garrantzitsua da, zeren zortzi, bederatzi eta hamar urteko haurrak dira eta adin horretan informatikan trebatzen hasi behar dute. Egitasmo honen bitartez hizkuntza ikasten dute eta komunikatzen ikasten dute; beraien artean berriak trukatu behar dituzte eta erredaktoreburu den eskolak bildu behar ditu beste eskolek egin artikuluak. Horren karietarat telefonoa hartu behar dute edo e-postaz aritu behar dute, jakin behar dute komunikatzen eta hori haur batentzat ez da lan erraza. Ikasten dute kazetaritza zer den, zeintzuk diren idazteko teknikak eta jendearen arreta erakartzekoak. Gero, herritar bezala komunikabideekiko ikuspegi kritikoa izaten eta etorkizuneko irakurleak sortzen ere laguntzen du.

­Txikienek zertan hartzen dute parte?

Ama eskolakoek, adibidez, marrazkiak egiten dituzte. Era ezberdinetan lan egiten dute, adibidez, helduagoek ipuin bat sortzen dute eta beraiek irudiak egiten dituzte.

­Erredaktoreburua den eskola aldiro aldatzen al da?

Bai, hori da. Kazeta honetan Muskildiko eskola izan da buru, beraiek sortu dute maketa. Bigarren alearentzat beste eskola bat izanen da. Gero zuzenketa batzuk egin behar dira, hizkuntzaren aldetik Jean Louis Davantekin izan gara, baita Jakes Sarrailletekin ere. Proiektua administratiboki ere kudeatu behar da eta jarraitutasuna izan dezan ere zaindu.

­Zer eskaintzen du Agur Xiberoak?

Egitasmo honen interesa duzu halako bizigune batean egina izan dela, Zuberoak badu bere barne dinamika eta garrantzitsua zen koordinazioa egitea, erran nahi baita eskolen artean izatea lotura. Bestela geldituko zen eskola baten proiektua baino askoz dinamika txikiagoarekin eta anbizione txikiagoarekin. Kazeta honetan saiatzen gara benetako prentsaren ezaugarrietan kokatzen, hau da, inprimatua da, zabaltzeko egitura badu eta pagatuz eskuratzen da, hau da, prentsaren munduan sartzeko nahia du.

­Zuberoan ba al dago beste aldizkari euskaldunik?

Euskaraz bakarrik denik ez dut uste. Lehenik, eskoletan euskara hutsez egiten den bakarra da, bigarrenik, anbizione handikoa da, eskolen artekoa baita eta horretarako behar da koordinazioa landu. Bestela hedapen gutxikoa izango litzateke azken finean.

­Haurrek egina izanik ere, irakurleria zabalago batera ailegatu nahi al duzue?

Bai, hain zuzen, ez da bakarrik gurasoendako eta haurrendako. Badu oraindik hobetzeko beharra. Lehenbiziko zenbaki honek badu beste edozein kazetak eskaintzen duena. Lehen orrialdean saiatu gara irakurlearen arreta pizten. Titularra «Mündüko pelota txapeldüna Xiberoan» da; ez dugu izena ematen, barnean so egiten baduzu ikusiko duzu erantzuna, beraz, egiazki kazetaritzako teknikak baliatzen ditugu. Berri mota ezberdinak badituzu, edozein kazetatan bezala, kirol saila, kultura saila eta jokoen txokoa. Bistan da haurrek askoz gehiago egin dezaketela eta horretara bultzatuko ditugu, herrietan erreportaje gehiago emanez. Guk nahi genuke inon atzematen ez diren berriak gure kazetan atzematea, beste ikuspegi batetik ematea.

­Zenbatero atera nahi duzue aldizkaria?

Urtean hiru edo lau aldiz atera nahi dugu, lan handia baita. Kazeta egitea astebeteko lana da, baina aurretik haurrek egiten duten lanak denbora handia hartzen du. Bigarren alea martxoan atera nahi genuke. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Indarrak berritzeko unea iritsi da
Euskal Herria
«La propuesta de Uztaritze es una aportación de Ipar Euskal Herria al país»
Kirolak
El hombre de negro apostó por la roja
Euskal Herria
Jóvenes afirman que el TS «no va a parar el proyecto independentista»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss