- CFA
Aviron Kopako lanaren ordaina jasotzen ari da
AVIRON 0 MOULINS 1 Aviron: Bouet, Arhanzet, Lespiaucq, Estrade, Degoul, Bidegain, Van de Bruwaenne (El Hajjam, 51.m), Lestage, Louit (Archidoit, 68.m), Lancien (J.Lalane, 51.m) eta Barsacq. Moulins: Royer, Tronche, Diompy, Sikorski, Wolski, Maronne, Dunne (Sylla, 72.m), Dimitriu, Minoungou (Komenan, 57.m) Bouyarmani eta Darbelet. Epailea: Chourrau. Avirongo Lestagek, Arhantzek ikusi zuten txartrel horia, eta baita Moulins taldeko Maronnek, Dimitriuk, Sirkoskik eta Bouyarmanik ere. Golak: 0-1, 46.m: Minoungou. Gorabeherak: 800 ikusle inguru batu ziren Didier Deschamps zelaiako harmailetan, CFA Mailako partida ikusteko.
BAIONA
Aviron Kopan egin behar izan duen lanaren ordaina jasotzen ari da orain, Lyonen aurkako neurketaren osteko bi partidak galdu egin baititu. Horrez gain, lesio ugari ditu taldean, eta hori guztia elkartuta emaitza horiek atera dira.Zuri-urdinek, atzo, jaitsierako postuan zegoen talde bat hartu zuten. Baionarrak lehen postuan kokatuta zeuden eta ustez, neurketa erraza zirudien, baina azkenean ongi merezita galdu zuten. Pochatek zuzentzen duen taldeak ez zuen aukera bakar bat ere sortu. Kanpotarren atezainak oso partida erosoa izan zuen, eta horrela ezinezkoa da irabaztea. Lehen zatia aspergarria izan zen. Bi taldeek baloia oso erraz galtzen zuten eta erasorako aukerarik ezin zuten egin. Sortutako bakarra kanpotarrena izan zen, baina Darbeletek egindako jaurtiketa kanpora joan zen. Bigarren zatia ezin okerrago hasi zen, lehen jokaldian kanpotarrek etxekoen atzealdeak egindako hutsa aprobetxatu baitzuten markagailuan aitzineratzeko. Hortik aurrera gauzak oso gutxi aldatu ziren. Archidoit eta El Hajjam zelairatu zituen entrenatzaile lapurtarrak eta horrek apur bat hobetu zuen etxekoen jokoa, baina oso gutxi. Golerako aukerarik ia ez zuten sortzen. Zelai erdian nagusi ziren, kanpotarren area ingurura heltzen ziren, baina hortxe amaitzen ziren euskaldunen erasorako gogoak. Kanpotarrak, berriz, markagailuan aurretik zirela, horri eusten ahalegindu ziren eta amaieran, merezitako garaipena eraman ahal izan zuten Lapurdiko hiriburutik.
|