Ispiluaren isla irrigarria
Gasteizko Martxoaren 3ko plazak aurrez aurrebildu zituen euskal gazteriaren alde hitza hartunahi zuten lagunak eta Justizia espainolarenhitzari men egitera ohituta daudenak.
Badaude zenbait ispilu beren forma eta tolesturengatik, ahurrak edo ganbilak direlako, aurrean dutenaren irudi deformatua islatzen dutenak. Txikia handitzen dute, lodia argaldu eta lerdenari irudi lazgarria itzultzen diote. Denok ezagutzen ditugu halako ispiluak, normalean jolas parkeetan egoten dira, umeen gozagarri.Baina atzo halako bat jarri zuten Gasteizen, Martxoaren 3ko enparantzan. Izan ere, lurrean jarritako dozenaka gazte independentistak eta haien aurrean mozorrotutako kasko gorridun poliziak ikusita, ematen zuen azken hauek besteen isla irrigarria, groteskoa, zirela. Euskal Herriko gazteriari egindako hamaikagarren erasoa salatzeko bildutako gazte konprometituei aurrean ispilu bat jarri, eta bueltan begirada iluneko munstroak agertu izan balira bezala. Batzuk “Lepoan hartu” abestiaren doinua txistuka eta besteak auzitegi espainol baten aginduei erantzunez, mehatxuka. Irudi kontrajarriak, bata bestearen aurrean. Handik metro gutxira, beste hogeita hamar gazte eskuak gora paretaren kontra ikustean, leiho batetik begira ari zela usteko zuen batek baino gehiagok. Leihoaren alde batean Euskal Herria, eta bestean, duela hiru hamarkadatako Txile. Ziur asko, hormari so zeuden gazteek telebistan ikusiko zituzten herrialde hartako irudiak; herritarrez osatutako ilara luzeak, eskuak zerura, uniformedunen begiradapean. Uniformeen kolorea zen atzo desberdina. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak prozesuaren alde lan gehiago eta argazki gutxiago eskatu zuen ostiralean. Atzo, argazki ederra oparitu zioten Balzaren gizon-emakumeek. -
|