Intsumisioa oinarria, EHNA tresna eta euskal herritar askeak izatea xedea
«Zaila», baina oztopoak oztopo eta arazoak arazo helburu lorgarritzat jo dute Enkarterrietako gazteek EHNArekin bizitzeko erabakia. Orain urtebete pasatxo Zapatero presidente espainolari hamairu gaztek euren NAN-ak bidali zizkioten; orain, deia egiten diete euskal gazteei intsumitu gisa eurekin bat egiteko.
Orain dela kasik zazpi urte Udalbiltza nazio instituzioak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena egikaritzeko apostua mahai gainean jarri zuenetik, milaka eta milaka izan dira berau tramitatu eta eskuratu duten herritarrak. Egitetik erabiltzerako pausuan datza EHNAren balio nagusiena, edonon eta edonoren aurrean euskal herritar gisa aurkeztean. Eta hori abiapuntutzat hartu badute ere, oraindik pausu bat gehiago, guztietan garrantzitsuena eta erabakiorrena, eman zuten oraindela urtebete Enkarterrietako hamairu gaztek: Euskal Herrian EHNArekin soilik bizitzea. Ez da ez mauka txikia horrelako apostuari eustea. Ehunka arazo eta oztopo izango baititu gainditzeko EHNArekin bakarrik bizitzeko prestu agertzen den orok. Zeren eta nola igaroko lituzkete errepideetan ohikoak diren polizia desberdinen kontrolak? Nola egin lan-kontratu bat? Eta unibertsitateko matrikula? Eta hipermerkatuetan erosketak? Bada Enkarterriko gazteok, jakinaren gainean egon arren, EHNArekin soilik bizitzea «posible» dela frogatu dute, nahiz eta berau «oso zaila» dela aitortu. GARAk, hamairu gazteotako batekin hitz egin du eta ekimenaren hastapenak nondik norakoak izan ziren azaldu dizkio. Estitxu Garai, hamairu gazte horietako bat da, eta berak esandakoaren arabera,kasualitatez otu zitzaien EHNArekin bizitzeko pausua ematea. «Argi genuen EHNAren erabilpena sustatzeko ekimen bat egin behar genuela, eta batik bat, intsumisioaren filosofian txertatua joan behar zuela». Horrela, eztabaidan hasi eta guztien NAN-ak Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolari igortzea erabaki zuten.
Epaiketa auzipetua gabe
Urtebeteko ibilbidea egin eta gero, orain, balantzea egiteko ordua iritsi zaie. «Nahiz eta arazo asko izan, EHNArekin bizitzea posiblea da», dio Estitxuk. Hala ere, hastepenean hamairu izatetik, urtebete eta gero bost bakarrik gelditzen direla azaltzen du. «Halabeharrezkoa» izan dela dio Estitxuk, horietako gehienak lanpostua galtzeko arriskuan baitzeuden. Adibide gisa gazteetako baten eredua aipatzen du. Urteetan langabezian egon zen Enkarterrietako gazte hau eta joan den urtean, azkenean, lanpostu bat eskaini zioten. Zalantzarik gabe baiezkoa eman zion segituan, baina kontratua sinatzeko ordua iristean, eta gazteak EHNA eman zionean ugazabari, honek ezezko borobila eman zion. «Lana nahi baduzu, NAN-arekin etorri», erantzun zion nagusiak. Azkenean, gazteak, NAN berria egitera behartua topatu zuen bere burua. Estitxuk ere antzeko gertaera bat igaro behar izan zuela aipatzen du. Unibertsitateko ikaslea izaki, urtero legez irailean matrikula berria egiteko garaia iristen da eta unibertsitateko campusera bertaratu zen orduan ikasturte berrirako izen-ematea egitearren. Euskal Herriko Naziotasun Aitormena eman zion idazkariari, baina honek ez zuela berau ametituko. Eztabaidan hasi ziren, baina idazkariak ez zuen amore ematen. «Ez, ez eta ez. Ez bagenion NAN-a eramaten ez gintuela matrikulatuko esaten zigun. Baina hala ere matrikulatua nago eta ez nion NAN-ik eman. Ordaintzen duzun bitartean...», dio Estitxuk.
Intsumitu uholdea gorpuztu
Polizia desberdinen errepide kontroletan ere geraraziak izan dira behin baino gehiagotan, baina nahiz eta liskarrak izan «besterik ez duzula esanda, azkenean onartzen dute», dio. Baina poliziekin izandako hartu emanak onak ez badira izan, okerragoa izan da epaitegietako eskarmentua. Gazteotako bat pasa den urtean epaitu zuten, eta Estitxuk kontatzen duenaren arabera «ez zioten epaiketara sartzen utzi EHNArekin aurkeztu zelako. Ez zegoela onartua zioen epaileak eta ez zioten utzi sartzen. Epaiketa egin zen eta sententzia ere iritsi zen, baina ez zuen deklaratu ere egin». Dezentetan nabarmentzen du Estitxuk EHNArekin bizitzea hautu «zaila» dela, baina konbentzimendu handiagoarekin dio «merezi» duela dionean. «EHNArekin bizi nahi dugulako sinetsita hartu genuen erabakia; argi baikenuen eta baitaukagu, EHNArekin bizitzea lortzeko lehen pausua gugatik hasi behar dela». Orain bost dira, baina EHNArekin bizi daitekeenaren eredu. Gazteei deia egin diete gainera: NAN etxeko kajoian utzi eta EHNA erabiltzekoa. «Honela esparruak irabazten joango gara eta gelditu ezingo duten intsumitu uholde batek behingoz geure naziotasuna errespetatzea lortuko du». -
DONOSTIA
Zapatero, gazte hauen NAN-en zaindaria
2005eko abenduaren 5ean, gazte hauek posta bidez igorri zioten Zapatero presidente espainolari euren NAN-ak. Zuzenean Moncloara, Zapateroren egoitzara, bidali zituzten. Barnean, karnetez gain, bi exijentzia bidali zizkioten: Batetik, «Euskal Herria bere osotasunean nazio bezala aitortzea», eta bestetik «herri honek dituen eskubide guztien errespetatzea; besteak beste, naziotasun eskubidea». Bitartean, «gazte intsumitu bezala», EHNArekin bakarrik bizitzeko erabakia jakinarazi zioten Zapatero presidenteari.
|