Atzo eguerdiko hamabietarako Hernaniko Gudarien Plaza solasez, gosez, egarriz, irriz eta besta egiteko gogoz bete zen, baita aldarrikapenez ere. Bi upelen artean paratutako agertokia, balkoiak, hormak eta inguru guztia «Preso eta iheslariak etxera», «Iñaki de Juana hilzorian», «Presoak borrokan, gu ere bai» eta antzeko mezuz josia zegoen. Bizilagunen beroaren adina sumatzen zen falta zirenen hutsunea, eta argazkiek sentimendu hori islatzen zuten.Joxe Felipe Auzmendi sagardo denboraldi berria abiatzeko ekitaldiaren aurkezleak “Wazemank”eko aktoreak berandu helduko zirela eta pixka bat itxaron beharko zutela jakinarazi arren, jendeak adi jarraitzen zuen agertokira begira, bereziki gaztetxoek, telebistakoak ikusteko irrikaz. Bitartean, plazaren bertze aldean, Bergarako ikastolakoak Kilometroak bestako arropa saltzen ari ziren; amnistiren aldekoak, Iñaki de Juana etxeratzeko mozioa aurkezteko sinadurak biltzen; Aratz eta Ugaitz Mugertza aizkolari gazteak, erakustaldia prestatzen, eta Herriko Arraun Elkartekoak, laguntza lortzen.
Halako batean, trikiti eta pandero doinuak nahasi ziren herritarren berriketekin, eta geroago Jose Anjel Aranburu, Iñaki Zelaia eta Maialen Lujanbio igo ziren oholtzara abestera. «Hotzetan zaudete tinko, zuek denak ez zineten ba mezetara etorriko?», «Gure herriko plaza bihurtuz sagardotegi haundina» eta «Espero dugu falta direnak laster itzuliko direla, bitartean sagardoak gure hotzak epeldu ditzala», kantatuta amaitu zituzten bertsoak.
«Wazemank»i omenaldia
Herriko alkate Jose Antonio Rekondoren hitzen ondotik, eguneko omenduak goititu ziren agertokira, “Wazemank”eko aktoreak: Mikel Pagadi, Jon Iraola, Ainere Tolosa, Mikel Laskurain, Iñake Irastortza, Anjel Alkain... Han izan ziren telebista saioko protagonista gehien-gehienak, Mara eta Edurne dantzarien aitzinean. Txistu doinuen erritmora agurra dantzatu zieten neskek, eta Rufino Sagardotegiko Jabier Ansorenak Zuhaitza eskultura eman zien. Bertso gehiago eta Anjel Alkainen solasak etorri ziren ondoren. «Txakolina asko gustatu izan zaigu beti, Getariakoa...», hasi zen aktorea, baina segituan moztu zion Laskurainek, belarrira sagardo eguna zela xuxurlatuta. «Beno, edatea asko gustatu izan zaigu beti jarraitu zuen orduan. Eskerrik asko Mañuren, atsoen eta gainerako pertsonaien partez, mila esker Autopatxiren parteetatik. Egun pasa polita egingo dugu». Herritarrak irri-ajarika lehertu ziren eta esker ona erakutsi zuten txalo jota.
«Gora Gipuzkoako sagardo berria!», oihukatu zuen aktore taldeak edaria dastatu baino lehen. «Latigo sagardoari!» erratearekin batera leherketa txikiak hasi ziren eta begi guztiak zerura altxatu ziren. Kolore guztietako argiak eta zintak ari ziren jausten, eta haurrak ilusioz aritu ziren biltzen, traka indartsu batek zeruko bestari bukaera eman zion arte.
Hirurehun sagardo litro eta mila pintxo zituzten banatzeko, eta berehala sortu ziren ilarak. Baina Jon Iraolak, telebistan Joxean Tolosa gorpuzten duenak, ez zuen horrelako kezkarik, dagoeneko eskuan baitzuen edalontzi betea, eta gurekin solasean aritu zen. «Platoan eta sagardotegian, bietan izaten da umorea; lehenengoan egin beharra izaten da eta bigarrenean edaria da barrea sorrarazten duena. Hamaika pasarte irrigarri izaten da, jendea erdi mozkor egoten delako eta ikusi eta pentsatzen duenarekin egin dezakeelako txistea», adierazi zuen haur batek moztu aitzinetik. Izan ere, gaztetxo ugari joan zen aktoreengana sinadura, argazki, musu, erantzun eta dantza eske.
Koadrilarekin upel artean bazkari eta afariak egiteko ohitura du Iraolak. Tolosaldean ibiltzen da Hernanin eta Astigarragan baino gehiago, eta aste tartean joatea nahiago du, lasaiago egoteko. Hotza, zutik jatea, edozeinekin hitz egiteko aukera, beste jatetxe eta tabernak baino irekiagoa izatea... Asko dira Iraolarentzat sagardotegien dohainak.
Idoia errenteriarrak eta Maider donostiarrak ere beteak zituzten edalontziak GARArekin egon zirenean. Lehenengo aldiz joan ziren txotx denboraldia hasteko jaira; upel ingurua ongi ezagutzen dute, ordea. «Giroa gustatzen zaigu janaria eta edaria baino gehiago, euskaldun kutsu hori», aitortu zuten. -