Kutxazainen aurkako erasoak Azpeitian eta Sopelan
BILBO
Larunbat gauean hainbat herritan izan ziren protesta ekintzak, azkeneko boladan sarri gertatzen ari den bezala. Larunbatean, bi kutxazaini eraso zieten, Gipuzkoan bat eta Bizkaian bestea. Ez zen zauriturik izan, eta kalte materialak ere ez ziren oso larriak izan, Lakuako Barne Sailak ezagutarazi zuenez.
Lehenengo erasoa Azpeitian gertatu zen, 23.30 baino pixka bat lehenago. Aurpegia estalita zuten bi lagunek likido sukoia bota zuten kutxazain automatiko batean, eta ondoren su eman zioten. Sugarrek ez zuten kalte handirik eragin, eta suhiltzai- leek ez zuten lan egin beharrik izan. Hori adierazi zuen Ertzaintzak.
Bestalde, ordu batzuk geroago, Bizkaiko Sopela herrian, beste kutxazain baten aurka jo zuten; BBKren egoitza batean hain zuzen ere. Sopelako Loiola Ander Deuna kalean jazo zen. Ekintza hori 4.40 inguruan gertatu zen, eta ezezagun batzuek egoitzako kutxazainari koktel molotovak bota zizkioten. Bi suzko gailu jaurti zizkioten. Horietako batek kutxazaina jo eta erabat belztuta utzi zuen arren, funtzionatzen jarraitu zuen. Hala eta guztiz ere, bankuko arduradunek kutxazaina ixtea erabaki zuten.
|