Andoaindik berriro ere ondarretara
«Non daude?». Abesti baten izena dirudien arren, ehunka eta ehunka euskal herritarrek oraindik ere galdetzen dute hori. 1936ko Altxamendu frankistaren ostean ehunka lagun lurperatu baitzuten, bide bazterretan edota auskalo zein zokotan hil ostean. Andoain ez zen salbuespena izan, eta frankismo garaian fusilaturiko herritarren gaineko liburu mardul bat argitaratu berri dute.
Franco diktadore espainola hil ostean, bere atzaparretan hildako eta bizirik iraun zuten milaka euskal herritarri Estatu espainolak inposatutako isiltasunari eta ahanzturari muzin eta aurre egin nahi izan diete, makina bat herritako seme-alabek bezala, Andoaingoek ere. Hobeto esanda, Francoren meneko soldaduek gupidarik gabe eraildako euskal gizon-emakumeen seme-alabek. Hirurogeita hamar urte igaro diren arren, eta batzuek hori nahi ez badute ere, isiltasun ofizialaren eta inposatuaren aurrean egiaren eta justiziaren bandera aireratu dute, eta hura Donostiako Ondarretako kartzela zahar urperatuaren mastan harro eskegi nahi izan dute. Horiek hala, haizeak gogor jotzen zuela eta elurra mara-mara ari zela, duintasunaren aterkipean babestu ziren, orain hirurogeita hamar urte aita-amek egin bezalaxe, ilunpeko urte luze horietan torturaren eta heriotzaren gotorlekua izan zen Ondarretako kartzela zaharren hondakinei so egiteko. Adinekoak izan arren, Francoren aginduetara zeuden militarrek eraildako sei andoaindarren ondorengoak hantxe izan ziren, Ondarretan, joan den ostegunean. Eguna ez zuten kasualitatez hautatu; oroimenean lokarrarazitako andoaindar fusilatuen ahotsak entzunarazi nahi dituen liburua aurkeztu baitzuten. “Ahozko historia: Andoain, askatasunaren alde eta
frankismoaren aurka borrokatu zutenak oroituz” goiburua duen liburuan bildu ditu
Xabier Lasa Bergara andoaindarrak garai horietako pasarteak. Baina ez hala-hola;
izan ere, ahalik eta ahozko testigantza gehiena jaso baitu fusilatzeen eta
fusilatuen historia bakoitzaren gainean. Hala, idazkiak esaten duen bezala,
«askatasunaren alde eta frankismoaren aurka borrokatu zutenak oroituz».
«Non dauden jakin nahi dut»
Justizia egia jakitetik etorriko dela dioen printzipioa aldarrikatzea da kasik 700 orrialde dituen liburu mardularen helburua. Hala ere, orrialde gehiago idazteko parada izaten jarraitzen du oraindik ere; modu horretan, diktaduraren itzalpean jazotako fusilatze eta bortxaketa guztiak Euskal Herriari aurkezteko. Eta horixe galdegin zuten, egia jakitea, Andoaingo fusilatuen ondorengoek joan den ostegunean, Ondarretako kartzelaren parean. «Egia nahi dut. Non dauden jakin nahi dut», zioen sei andoaindarretako batek. Susmoak izan arren, oraindik senitartekoak non ehortzi zituzten ez dakitela zioen, eta bere ezinegona agerian utzi zuen. Eguraldia zakar zebilen, eta betiere egokiagoa izaten da mahai baten bueltan solasean aritzea. Horregatik, eseri eta bakoitzak bere istorioa arrapaladan kontatu zuen. Zazpi hamarkada igaro diren arren 1936. urtean Donostia ere berena egin zuten tropa frankistek, andoaindar horietako bakar bati ere ez zaio ahantzi garai horietan igarotakoa. Are gehiago, euren buruak ahanzturara zigortu nahi ez dituztelako idatzi dituzte hizki handiarekin beren testigantzak Xabier Lasaren liburu mardulean. Sei andoaindarron gurasoak gatibu eduki zituzten Donostiako Ondarretako kartzelan. «Itsasoak gora egiten zuen bakoitzean belaunetaraino ura» izaten zen, baina, egun, oraindik ez dakitena jakin nahian dabiltza amorratuta: non dauden aita-amen zerraldoak.
Ihintza: «Bar España» Guztiak andoaindarrak izan arren, seiotako batzuen gura-soek Donostian lan egiten zuten. Alde Zaharrean Ihintza izeneko taberna gobernatzen zuten batzuek, 1936ko urte ilun hartan erreketeak bertaratu eta indarrez tabernaren jaun eta jabe egin arte. Aita, preso Ondarretara; ama, kasik. Horiek hala, frankismoko urte luze horietan Ihintza taberna izan beharrean «Bar España» izena jarri zioten tabernari. Patxi hil bezain laster, ordea, berriro ere Ihintza bilakatu zen. Bizitzak makina bat itzulera egiten duela kontuan hartuta eta paradoxaz betea dela onartuta, honakoa gertatu zitzaion beste sendi bati:Izatez hura ere andoaindarra zen, bainalanera Donostiara joaten zen; arkitekto edo tankerako lanbidea zuen. Hura arduratu omen zen gaur egun ere existitzen den Ondarretako pasealekua egiteaz. Baina frankismoarekin ez zuen inolako harremanik nahi, eta lerro bakarreko bideari segi nahi ez izateagatik, urteak pasatu zituen lanean aritutako toki berean, Ondarretan; bertan emango zituen azkenak. Atzerrirako bidaia ere herritar askok bizi izan dute. Berrogei urte igaro ditu, esate baterako, andoaindar horietako batek Alemanian, baina ez du galdu bere sorterria zein den ezer baino hobeto irudikatzen duena: euskara. Gauero ispiluari begira jarri eta bere buruari euskaraz mintzatzen baitzitzaion, armen bidez horrenbestek nahi zutena urteen poderioz ez oparitzeko. Beren historia Euskal Herriarena delako, paperean jarri dituzte testigantzok andoaindar hauek, modu horretan, justizia ekarriko duen egiari indarra ematearren. -
|