Frantses presidentziarako kanpaina duela guti hasia zaigu eta dagoeneko prentsak erakusten digu Royal eta Sarkozyren artean hautatu beharko dugula. Bi hautagai horien presentzia indartzen dute haien baitezpadakotasuna handituz. Hastapenetik, benetako debateak zokoratuak dituzte.
Baina, bada beste manerarik ere debateen baztertzeko, manera horiek abertzaleentzat atxikitzen dituzte gure herrietan. Hau da, Abertzaleen Batasunari gertatu zaiona bakearen aldeko debatea Donibane Lohizunen antolatu nahi zuelako. Abertzaleekiko hautetsiek duten ausardia eta harrokeria hain segurua dute, legearen gainetik pasatzea ez zaie harrigarria iruditzen! Peyuko Duhartek ez zukeen MAMekin arazorik izan nahi, beraz, Espainiako Gobernuarekiko elkartasunaren izenean, gela publiko baten erabiltzea ukatu dio herriko talde abertzaleari. Bakeaz hitz egitea ere bortizkeria bihurtu nahi lukete. Euskal Herriak eskatzen duen bakeaz mintzatzeko ministro ohia, diputatuak eta unibertsitarioak ekarraraztea bortizkeria al da? Noiz arte erabiliko al dute ukazio jarrera hau?
Badirudi Erdi Aroan gaudela eta agintarien ustean, herriko jendeak, antolaturik, gustuko zerbait aipatu nahi duelarik, eskubidea dutela horren ukatzeko eta men eginen zaiela. Noski, auzitegietara joan eta gero, gelaren uztera behartuak izan dira. Baina gertakizun honek ederki erakusten digu hautetsien artean gaurko konflikto, kezka, gogoeta beharrari buruz dagoen iritzia. Peyuko Duhartek bai Poulouren eta bai MAMen ikuspuntuak har zituzkeen erabaki horren hartzeko. Ez zukeen bere ikuspuntu soiletik hartu.
Eskuzabaltasunez, Akitaniako kontseilari den Donibaneko auzapezak adierazi du ez zuela dei eginen, gela utziko zuela! Atxikiko duguna da politika zertarako erabili behar duenaren erakustaldi ederra eman digula. Ulertu beharko dugu Donibaneko herrian eguraldiaz, hondartzaren garbitasunaz eta zakurrek uzten duten kakaz soilik hitz egin daitekeela. Gai horiek ere errespetu guztia merezi badute ere...
Parisera itzulita, Radio Pais-en egindako miaketa ere kezkagarria iruditu zaigu, gure errealitateari oihartzuna ematen baitio. Prentsan ez da aipamenik izan. Berunezko estalkia ezarri nahi dute hemendik heldu den eskakizunari. Bertan laguntzaile ongi kokatuak dituzte. Baina debatea plazaratzen eta gure proiektuak jendearengana eramaten segituko dugu, frantses hautagaien programa politikoetan ez baita proiekturik guretzat, dagoen ukazioa baizik. -