- Urrezko Aizkora
Atutxa eta Aldape indartsu datoz
DONOSTIA
Urrezko Aizkoran, gazteen hiru ekinaldi jokatu dira, eta faboritoek ez dute hutsik egin. Aldape eta Atutxa oso indartsu dabiltza, faborito garbiak direla argi eta garbi erakutsi baitute berriro ere.
Herenegun iluntzean, Amillanori eta Kañamares II.ari irabazi zieten, eta saioko proba guztiak bereganatu zituzten. Bizkaiko aizkolari gazteek, gainera, aurtengo Urrezko Aizkoran marka berri bat ezarri zuten, 45 ontzako enborra 30 kolpetan erdibitu baitzuten, eta hori ez dute egin, orain arte, ez eta aizkolaririk onenek ere. Gainera, zigor bat ere jaso zuten, eta kolpe bat gehiago eman zitzaien, bestela 29 izango baitziren.
Gainerako proba guztietan ere jaun eta jabe izan ziren, eta saio guztiak nahiko erraz irabazi zituzten. Denetara, 15 minutu eta 53 segundo pasatu zituzten; eta nafarrek, berriz, 18 minutu eta 6 segundo.
Atzo, Lesakan, beste bi proba jokatu ziren, eta han ziren beste faborito batzuk ere: Rekondo eta Eratsun.Leitzakoa eta Iturengoa proba guztietan nagusitu ziren Kañamares II.aren eta Rodriguez II.aren aurka. Kañamares Mindegiaren ordez aritu zen. Irabazleek saioko proba guztiak irabazi zituzten, eta lan guztiak amaitzeko 18 minutu behar izan zituzten. Kañamares II.ak eta Rodriguezek, berriz, 18 minutu eta 42 segundo.
Beste saioan, Larretxea lehengusuek arazorik gabe irabazi zieten Alkizalete II.ari eta Gorriti III.ari. Biko nafarrak probako saio guztiak bereganatu zituen, eta aurkariei ez zien inongo aukerarik eman. Lan guztiak burutzen, 18 minutu eta 42 segundo behar izan zituen, eta 22 minutu eta 20 segundo Alkizalete II.ak eta Gorritik.
|