- Sokatira
Ñapurrak taldeak eman du ezustekoa Abadiño A mendean hartuta
·Bizkaitarrek taldean ordezko dezente atera zuten, eta hirugarren geratu ziren
DONOSTIA
Ñapurrak taldeak eman zuen atzoko ezustekoa, irabazi egin baitzuen 640 kiloko bigarren jardunaldia, eta irabazteko faborito nagusia, Abadiño A, hirugarren geratu zen. Hala ere, postu horrek badu aitzakia, bizkaitarren zortzikoan ordezko ugari izan baitzen.Ezpeletako taldea izan zen atzo Getxon jokatu zuten saioko onena. Abadiño A taldearekin berdindu zuen, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi zituen. Sokarri izan zen bigarren. Bizkaitarrek Abadiñoko bigarrengo taldearekin berdindu zuten, Ñapurrak taldearekin galdu, eta gainerako guztiak irabazi zituzten. Abadiño A, atzoko faborito nagusia, eta pisu horretako txapela lortzeko faborito nagusia izan zen hirugarren. Taldean aldaketa asko egin zituzten. Ligaxkan hiru jardunaldi dira, eta jakin badakite finalean izango direla. Azkeneko saio hura izango da garrantzitsua, eta ordurako ere tiralari batzuk gorde nahian dabil taldea. Ñapurrak taldearekin berdindu zuen, Sokarrirekin galdu, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi zituen. Lehen jardunaldian bezalaxe, Auzolan izan zen
hirugarren. Haren aurretik geratu ziren taldeekin galdu zuen, eta atzetik izan
zituen guztiei irabazi zien. Abadiño B geratu zen bosgarren postuan.
Altamirarekin berdindu zuen, eta Amaiur eta Kuartango menderatu zituen. Amaiur
izan zen seigarren sailkatua, eta nafarrek Kuartango bakarrik hartu zuten
mendean. Azkeneko postuan, lehen jardunaldian bezalaxe, Kuartango geratu zen,
saio guztiak galdu baitzituen. Sailkapen nagusiari begira jarrita, Ñapurrak da
orain lehen sailkatua 12,5 punturekin. Abadiño A izango da bigarren 12
punturekin, eta Sokarri hirugarren 11,5 punturekin. Dena dela, lehen fase
horretan azken sailkatua bakarrik geratuko
da kanpoan.
|