GARA > Idatzia > Kirolak

Idi-probak

Txausonen idiek eraman dituzte Abadiñoko probetako mantak

J.L. | DONOSTIA

Txausonen uztarriak eraman ditu Abadiñoko mantak. Bigarren egunean egin zuten marka arabarraren idiek, eta gerora inork ez du hori ontzerik erdietsi.

Txauson izan da Arabako probazale bakarra, baina bere idiek irabazi dute. Bigarren postuan, berriz, Erresiataren uztarria sailkatu zen bi untze pasara. Irabazleen idiek Lopene, aurretik, eta Iketza, atzetik, izan zituzten itzain.

Abadiñoko mantak Euskal Herriko garrantzitsuenetakoak dira, eta argi eta garbi geratu da hori, ez parte-hartzaileen kopuruagatik bakarrik, baita zaleek emandako erantzun bikainagatik ere, sekulako betekadak izan baititu Abadiñoko probalekuak. Kontuan izan behar da, gainera, harmailetan 1.000 lagunetik gora sartzen direla.

Intxausti, Busturian

Intxaustiren astoa nagusitu da Busturian amaitu berri diren asto-probetan. Hemen ere parte-hartzaile asko izan dira, eta jendeak erantzun ona eman du. Intxaustiren astoak metro gutxi batzugatik irabazi du. Nagusia eta Undabarrena izan ditu itzain.

Datorren larunbaterako ikusmin handia piztu duen desafioa iragartzen da Aiako probalekuan. Bertan, Joxemari Izetaren eta Lopetegiren idiak neurtuko dira. Biak dira aiarrak, eta horrek ikusmina izugarri areagotu du. Dema gauean jokatuko da, 22.00etatik aurrera. Lopetegiren idien itzainak nagusia bera eta Oliden izango dira. Izetaren itzainak, berriz, Izeta anaiak, Joxemari eta Jexuxmari, izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo