GARA > Idatzia > Kirolak

PILOTA Aimar Olaizolaren proba Tolosan

Aimar Olaizola binakako txapelketan izango da

Ordubeteko saioa egin eta asko kostata erabaki zuen Goizuetakoak igandean Tolosan jokatuko duten final-laurdenetako kitarako partidan parte hartzea

GARA | TOLOSA

Binakako pilota txapelketara garaiz iritsi da Aimar Olaizola. Bapo kostata, baina azkenik Tolosan jokatzeko moduan izango da Goizuetakoa. Kitarako neurketan Otxandorena lagun duela, Gonzalezi eta Paskuali aurre egingo die Olaizolak txapelketako finalerdietako ligaxkan sartzeko azken txartelaren bila.

Atzoko saioa, izan ere, ez zen nolanahiko entrenamendua. Azken finean, igandekoa da Olaizolaren azken aukera txapelketa honetan parte hartzeko, Goizuetakoak Tolosan ez jokatzea erabaki izan balu, Juantxo Kokak behin betiko hartuko zukeen-eta Olaizolaren lekua txapelketa amaitu arte.

Kostata harturiko erabakia

Arratsaldeko hirurak eta laurden aldera kantxaratu zen Olaizola II.a Tolosako Beotibarren, Iñaki Otxandorena lagun hartuta. Ordubetez gogor entrenatu zen aurrelari nafarra Saralegik eta Beginok osaturiko bikotearen aurka, iganderako prest izango ote zen edo ez erabaki baino lehen, eta ez zuen esfortzurik aurreztu Olaizolak, eskuin hankako belauna probatu beharra zuenez gero.

Azkeneko erabakia ez zuen berehala hartu 27 urteko aurrelariak. Ondorioz, Olaizolak hartu beharreko erabakiaren inguruko ikusmina gero eta handiago egin zen. Izan ere, entrenamendua amaitu eta hedabideen aurrera azaldu aurretik hiru ordu laurden pasatu zuen Olaizolak aldegeletan.

«Aurreko asteko entrenamenduan nahiko sentsazio onak eduki nituen. Garbi dago oraindik pilotetara ez naizela lehen bezala joaten, baina hori partidak jokatuz hartu behar da. Hala ere, frontoian pixkanaka egokiago kokatzen nintzela ikusi dut eta jokatzea erabaki dut», adierazi zuen aurrelari goizuetarrak.

Azkenik, Olaizola II-Otxandorena eta Gonzalez-Paskual gaur arratsaldean, lauretatik aurrera izango dira pilota aukeraketan; Tolosako Beotibar pilotalekuan, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo