GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Ezinbestekoa da Euskal Herriari buruzko edukiak biltzea eta hobetzea"

wikipediako lankidea
Arkaitz Zubiaga Wikipediako lankidea da, baita Zabaldu.com eta Bildu.net guneetako arduraduna ere. Gaur egun lanean Bartzelonan ari den arren, sarearen bidez harreman estua du Euskal Herriarekin. Euskal Astea zertan datzan azaldu digu.

Haritz RODRIGUEZ

Azalduko zenuke zer den Wikipedia?

Wikipedia entziklopedia askea da. Bertako edukiak askeak direla esan nahi du horrek. Hau da, eduki horiek edonork gehitzeko eta aldatzeko aukera izateaz gain, nork bere lanetan erabil ditzake, inongo lizentzia arazo barik.

Lizentzia horrek gutxieneko baldintza batzuk ezartzen ditu, ezta?

Hala da. Baina ez du zer ikusirik ohiko entziklopediek duten copyright-arekin. Oro har, GFD lizentzia da ezartzen dena, eta irudietan, creative commons. Azken finean, dokumentazioa banatzeko modu librea da. Eskubide batzuk ezartzen dira, eduki horiek zabaltzeko, kopiatzeko eta edonorekin trukatzeko. Ez da jabetza desagertzen, idazten duena baita lizentzia horrekin argitaratzen denaren jabe. Egin ezin daitekeena eduki horiek hartu eta copyright-a duen euskarri batean argitaratzea da.

Zein da lankide baten zeregina?

Entziklopedia honetan edozeinek parte har dezakeenez, editoreak, finean, boluntario modukoak gara. Hainbat lankide gara eta, normalean, editoreek bere inguruko gaiez idazten dute edo gustuko dituzten haien inguruan. Bertan idazteko arrazoiei dagokienez, nire kasuan behintzat, ikasi egiten dela da nagusietako bat. Ingelesezko artikulu bat hartu eta itzultzen badut, edo gai bat euskaraz garatzen badut, asko ikasten dut horren inguruan.

Edonork parte har badezake ere, badira arau batzuk. Funtzionamendua zein da?

Poliki-poliki Wikipediarentzako estilo liburu bat garatzen ari gara. Artikulu batek zer egitura izan behar duen, zein hizkuntza erabili behar den eta abar zehaztu nahi dugu hor. Baina guztiz garatu gabe dago. Objektibotasuna eskatzen da, iritzirik ez eranstea eta sartzen diren datuak ziurtatuak egotea.

Sabotajearen aurkako neurririk?

Wikipedian bandalismoa da erabiltzen den hitza. Edozeinek parte har dezakeenez, badago funtsik edo zentzurik gabeko gauzak nahiz irainak idazten dituenik. Erabiltzaile guztiak gutxi gorabehera berdinak dira. Baina bi mota daude: izena emandakoak eta izenik eman ez dutenak. Horiez gain, administratzaile bezala uler ditzakegun erabiltzaile batzuk ere badira. Ez da lankide hauek definitzeko hitz aproposena, erabiltzaile berezi horiek ez baitira Wikipedia kontrolatzen dutenak. Erabiltzaile gutxi batzuk aukeratzen dira funtzio horiek betetzeko, zentzugabekeriaz osatutako artikuluak saihetsi eta ezabatzeko. Batzuetan, artikulu zehatz batzuek arazoak sortzen dituzte. Euskarazko Wikipedian, adibidez, naziotasun kontuen inguruan beti dago ika-mika. Artikulu bat behin eta berriz aldatzen denean, administratzaileek giltzapetu ditzakete, erabiltzaile erregistratuek soilik izan dezaten aldatzeko aukera. Erabiltzaile jakin batek behin eta berriz arauak hausten dituenean, kontua baliogabetzeko aukera ere badute. Wikipediak eskaintzen duen beste tresna bat eztabaidarako txokoa da. Erabiltzaileen arteko koordinazioa eta edukien inguruko hausnarketa ahalbidetzen du. Adostasunik ez badago, bozketa egiteko aukera ere ematen du.

Mekanismo horiek ziurtatzen al dute Wikipedia kontsultarako tresna gisa?

Neurri handi batean bai. Baina edukiak ezin dira %100ean kontrolatu. Eduki ezegoki edo zehaztasun gabekoek ihes egin dezakete noizbait. Normalean, ordea, erabiltzaile guztien arteko lankidetza oso eraginkorra da.

Zenbat lankide ditu euskarazko Wikipediak, eta horietatik zenbat dira ohiko editoreak?

Mila bat erabiltzaile inguru. Horietatik, aktibo bezala izenda ditzakegunak hogei bat pertsona dira.

Nola sortu da Euskal Astearen ekimena, eta zein da helburua?

Wikipedian hainbat ekimen abiatzen dira, edukiak hobetze eta osatze aldera. Horietako bat da Asteko Herrialdea izenekoa. Astero herrialde bat hautatu eta horri buruzko informazioa garatzea da helburua. Aurreko asteotan Pakistan eta beste herrialde batzuk izan dira protagonista, eta aste honetan Euskal Herriaren txanda denez, ekimena albiste bilakatzea bururatu zaigu. Jendea erakartzea da helburua, batik bat. Euskarazko Wikipedian Euskal Herriari buruzko edukiak bildu eta hobetzea ezinbestekoa da.

Nola lagundu daiteke?

Hutsune asko dago, baina poliki-poliki osatzen ari da. Parte hartzea erraza da: Wikipedian sartu, apur bat saltseatu eta ikasi... Laguntzeko modu on bat ondokoa izan daiteke: norberak bere herriari edo lurraldeari buruzko datuak sartzen hastea.

Hiztun kopurua oinarri hartuta, euskarak ez al du nahiko emaitza txukuna Wikipedian?

Nire ustez, nahiko egoera onean dago. Hizkuntza guztien artean 41. postuan dago. Gainera, kontuan izan behar da beste hizkuntzetan itzulpenak egiteko tresna gehiago dituztela. Euskaraz, eskulana da guztia.

Arkaitz ZUBIAGA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo