GARA > Idatzia > ATHLETIC

Champions League

Denak bat eginik, San Mameseko «magiaren" bila

Athleticek hainbat ekimen antolatuko du datorren igandetik aurrera «San Mameseko magia" berreskuratzeko. Laguntza horrez gain, taldeak bere aldetik ipini beharko du partidak irabazteko

GARA | BILBO

Athleticek izandako erreakzio keinuak oztopo galanta aurkitu du: talde zuri-gorriak bere zelaian puntuak eskuratzeko dituen zailtasunak.

San Mamesek zeukan menderaezin izatearen ospea aurten desagertu da, bertatik pasatu diren talde gehienek punturen bat eraman baitute handik. Izan ere, Athleticek denboraldi honetan partida bakarra irabazi du bere zelaian. Gainerakoan, hiru berdinketa besterik ez du eskuratu. Sei norgehiagoka, ordea, bilbotarrek porrot eginda amaitu dira.

Etxetik kanpo ibilbide guztiz ezderdina izan arren, taldeak sailkapenean duen egoera kontuan hartuta, badirudi ez dela nahikoa izango hura mantentzea datorren denboraldian Lehenengo Mailan jokatzen jarraitzeko. Inoiz baino beharrez- koagoa da etxean garaipenak lortzea; izan ere, oraindik hainbat aurkari zuzenek bertan jokatu behar dute.

Horiek hala, taldeak eta klubak, jokalariek eta zuzendaritzako kideek bat egin dute San Mameseko indarra, edota «magia», berreskuratu ahal izateko.

Klubari dagokionez, eta atzo jakinarazi zuenez, igande honetatik aurrera hainbat ekimen izango dira, «San Mamesen magia berreskuratzeko, guztien artean eta zaleen sostengu eredugarria kontuan hartuta».

Lehen ekimena Getaferen aurkako partidan egingo dute. «Athleticek dei berezia egin gura du zaleek janzkera zuri-gorria eraman dezaten». Eta horreterako, 30.000 zapi zuri-gorri banatuko dituzte sarbideetan.

Halaber, zuri-gorriz jantzita egongo diren zaleen artean argazkiak aterako dituzte eta, horien artean, hogei aukeratuko dira Athleticen web ofizialean jartzeko. Zale horiek, gainera, «Pack Prestigio Athletic Bihotzez» jasoko dute.

Lasaitasuna transmititu

Zalearen laguntza, hala ere, ez da nahikoa izango irabazteko, orain arte argi ikusi den bezela. Azken finean, partidak irabazteko ahalmena entrenatzaileak eta jokalariek dute.

Horiek badakite izugarrizko esfortzua egin behar dutela hilabete hauetan, eta argi daukate, halaber, San Mamesen aurkitu behar dutela arrakastaren giltza. «Horretarako, garrantzitsua izango da jendea lasai egotea», Fernando Amorebietaren ustean. «Guretzat oso garrantzitsua da jendeak harmailetatik transmititzen duen konfiantza hori nabaritzea. Taldea nola dagoen konturatu behar da jendea, eta, hori ikusita, topera bultza egin», adierazi zuen.

San Mamesen jokatuko dituzten partida guztiak garrantzitsuak direla onartu arren, jokalariek nahiago dute epe laburrean lan egin; hau da, Getaferen aurkako norgehiagokan besterik ez dute pentsatzen memento honetan. «Hausnarketaren» ondorioa, hala ere, berbera da: irabazi behar dute, nahi eta nahi ez. Eta «nola» ez da garrantzitsuena, «zer» baizik. «Hiru puntuak lortu behar digutu nola edo hala», aitortu zuen Amorebietak. «Inoiz baino gehiago, irabazi behar dugu», gehitu zuen Javi Martinezek, haren ustean partida hau «funtsezkoa» baita taldearen etorkizunerako.

Berdin da, beraz, Getafe oso aurkari zaila izatea. «Axola zaigun gauza bakarra puntuak dira. Ez diogu ez etsaiari ezta beste edozeri ere begiratu behar, geure buruari baizik, eta oso mentalizatuta irtengo gara zelaira», esan zuen Amorebietak.

Zoritxarrez, mentalizazioa, asteko prestakuntza eta zaleen laguntza ez dira multzoan jokoan dauden faktore bakarrak. Taldearen egoera fisikoak garrantzi handia du, eta, alde horretatik, Athletic nahiko zorte txarra edukitzen ari da. Oraingo honetan Igor Gabilondo dugu zalantzan dagoena, gipuzkoarrak atzo ezin izan baitzuen taldearekin batera lan egin, ezker hankako kuadrizepsean daukan gainkarga dela-eta. Joseba Garmendia, ordea, sendatu egin da, eta Getaferen aurka jokatzeko prest egongo da.

Helegitea

Athleticek helegitea ezarri zuen atzo Kirol Kontseilu Nagusian, joan den otsailaren 2an Estatu espainoleko Federazioko Zuzendaritza Batzordeak Iban Zubiaurre jokalariari behin betiko lizentzia emateari buruz hartu zuen erabakia dela-eta.

Azkenik, eta FLPk atzo jakinarazi zuenaren arabera, Bartzelonak eta Athleticek Nou Campen jokatu behar duten partida otsailaren 25ean izango da, domekan. Gaueko bederatzietan hasiko da, eta Canal Plus telebistak zuzenean emango du norgehiagoka.

El secretario técnico del Barcelona, Txiki Begiristain, y el entrenador, Frank Rijkaard, dieron por cerrada ayer la polémica generada por las declaraciones de Eto'o tras mantener una reunión en la que se decidió que el camerunés no será sancionado, a petición expresa del técnico. En el entrenamiento, Eto'o y Ronaldinho se fundieron en un abrazo, pese a las críticas del primero hacia el brasileño el día anterior.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo