GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

euskadiko orkesta sinfonikoak 25 urte ditu

Erokeria atzo, gaur errealitate

Euskadiko Orkesta Sinfonikoa etengabeko hazkuntza izan du lehenengo 25 urteetan; izan ere, 1982an Imanol Olazoilaren bultzadari esker sortu orkesta txiki hark mundu osoan ematen ditu kontzertuak, eta, garraintzitsuagoa dena, «kalitate maila ikaragarria" du.

Rebeka CALVO

Euskadiko Orkesta Sinfonikoak 25 urte betetzen dituen honetan, bere sortzaileetako batek eta lehen lehendakari izan zenak, Imanol Olaizolak, harro begiratzen dio bere seme kuttunari. Hori bai, Euskal Herrian «nazio hitza ofizialki erregistratuta duen erakunde bakarra» izaki, «Euskal Nazional Balleta» sortzeko penaz geratu dela dio Olaizolak. Besteren artean, kimikari, Euskal Dantzarien Biltzarreko edota Jazzladio sortzaile izan denak oraindik urte bete lehendakaritzan egin ez duen Iñigo Alberdi gazteari aholkutxoren bat ere luzatu dio: «Hasieran finkatu genituen oinarriak ezin dituzte ahaztu orain: nazioa eraiki behar dugu, herriz herri egon behar dugu zerbitzu publiko bat garelako eta kalitateko musika eskaini behar dugu». «Argi dut aurrera begirako erronka nagusiak, lehenengo haiek jarraitzea», erantzun du Alberdik.

1982. urtean sortu zen hortaz egun urtean 100 bat kontzertu egiten jarraitzen duen Euskadiko Orkesta Sinfonikoa langabezia handiko eta krisi egoera batean sortu zela gogoratzen du Imanol Olaizola lehen lehendakariak. «Erokeria bat zela uste zuten gehienek, baina egin behar genuen zerbait zen. Euskal Herrian abesbatza tradizio handia genuen, baina orkesta aldetik nahiko txiroak ginen, Bilboko Orkesta bakarrik zegoen garai hartan. Proposamena egitea otu zitzaieten orduan, Jaurlaritzara jo eta begi onez hartu zuten ideia. Legebiltzarrak ere aurrekontuetan bozkatzeko garaian ontzat jo zuen proposamena,. Eta horrela hasi ginen, hasiera batean herriz herri joanaz, hori baitzen gure egitekoa, zerbitzu bat eskaini. Lehenengo kontzertuak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean izan ziren», azaldu du Olaizolak.

Aholkulari taldea

Euskadiko Orkesta Sinfonikoak Euskal Herriko biztanleriaren artean finkatu ahal izateko punta-puntako aholkulari taldea izan zuen. Imanol Olaizolak argi zuen «ekipo bikaina» lortu behar zuela orkesta abiarazi bidean eta «hoberenei» eskatu zien laguntza: Enrique Jordá gai artistikoetan laguntzeko, Henri Marquier gai administratiboetarako eta Nicanor Zabaleta, Joaquin Achucarro eta Felix Ayo, «beharrezkoa baitzen mundu zabalean zeuden esperientzia handiko musikari euskaldunak biltzea», dio.

Orkestaren benetako sendotzea, hala ere, beranduago etorri zen. «17 minutuz ikusleria txalotzen egon zenean», gogoratzen du Olaizolak. «1983ko uholdeak oso latzak izan ziren eta kalteak jasan zituen jende hura guztia lagundu egin behar genuela uste genuen Euskadiko Orkesta bezala jendearen diruari esker bizi ginen eta. Une larri haietan leku desberdinetara gure orkesta eskainiz gutunak bidali genituen bildutako dirua jendeari emateko. Leku gehienetan baiezkoa jaso genuen eta baita dirua ere. Musikariak larritu egin ziren orduan, `nola joko dugu guk Bartzelonako Lizeoan edo Madrileko Auditorioan!' esaten zidaten. Baina, azkenean beldurrak kendu eta Bartzelonako Lizeoan ikusleria 17 minutuz egin ziguten txalo, hortxe sendotu ginen, orduan hasi ginen gure arrakastan sinesten», azaldu du EOSko lehendakari ohiak.

Iñigo Alberdi oraingo lehendakariaren ustez, orkestak azken 10 edo 12 urteetan egin du batez ere gora. «950 bat abonatukin hasi zen EOS eta orain 7.000 pertsona ditugu abonatuta. Gutxinaka gutxinaka egin du gora orkestak, lehenengo urteetako egitekoa finkatzearena izan zen batez ere, bai ikuspegi artistikoan maila hartzeko eta baita ekonomikoki ere azpiegitura bat izateko ere», argitu du Alberdik.

Gaur egun Euskadiko Orkesta Sinfonikoan ehun bat langileek egiten dute lan, horietatik 90 musikariak dira, eta urtean ehun kontzertu inguru egiten dituzte mundu osoan zehar. Aurten iraila aldean ere eta orkestaren 25. urteurrena dela-eta, Txilera, Brasilera, Uruguaira eta Argentinara joango dira zortzi kontzertu ematera. «Gure egitekoak argi ditugu: herrietara iritsi, mundura zabaldu, nazioarteko bihurtu alegia, eta gazteak biltzea. Noski, horrek lan handia eskatzen die gure musikariei», dio Alberdik.

Urtarrileko greba

Egin beharreko lan guztia dela-eta, urtarrila aldean musikariak grebara jo zuten. Ez Alberdik ez Olaizolak langileen arrazoia ukatzerik ez duten arren, zentzu honetan badu astindurik Olazoilak bere ondorengo izan direnei EOSeko zuzendaritzan: «Zaila da jende guztia mugitzea, baina gure egitekoa da leku guztietara iristea. Hasieran izan genituen arau batzuk berriz ere jaso beharko lirateke. Orkesta hau izan zen lehena Arte-pertsonal Estatutua izaten; kalitate kontrolak, soldatak eta bata bestearekin zuten lotura finkatzen zen, besteak beste, hor. Baina ez dakit nola, hau ez da bete, kendu egin dute, eta horregatik daude orain dauden arazoak soldataren kontuarengatik. Egia da soldatak behar bada, ez direla behar bezalakoak, baina egia da ere beraiek egon zirela nik aipatutako arau hauek kentzearen alde», dio Olaizolak erdi haserre.

Euskadiko Orkesta Sinfonikoko lehendakariek etorkizunari begira jende gaztearengana iristeko lan egingo dutela diote, «beharrezkoa baita orkestra musikaren inguruan jende gazte gehiago biltzea. Horregatik egiten ditugu orain proiektu didaktikoak umeekin, hemendik urte batzuetara oso ondo bailegoke hauek, ordainean, nolabait, gurengana berriz ere jotzea», dio Alberdik.

17 minutuz txaloka
Bartzelonako Lizeoan edo Madrilgo Auditoriumean jo behar genuela jakin genuenean beldurra piztu zen, baina «Lizeoko ikuslegoak 17 minutuz txalo egin zigutenean hortxe sendotu ginen, orduan hasi ginen arrakastan sinesten".
1983ko uholdeak
1983ko uholdeak oso latzak izan ziren. Kaltetutako jendea lagundu behar genuela uste genuen. Leku askotan gure orkestra eskaini genuen bildutako dirua kaltetuentzat emateko. Leku gehienetan baiezkoa jaso genuen", gogorarazi zuen Olaizolak.
Ehun langile
Gaur egun ehun bat langilek lan egiten dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, horietako 90 musikariak dira. Urtean ehun kontzertu ematen ditu mundu osoan. Aurtengo irailean Txilera, Brasilera, Uruguaira eta Argentinara joango dira.
Greba
«Orkestra hau Arte-pertsonal Estatutua izaten lehenak izan zen, soldatak eta abar finkatzen zituena. Baina hau kendu egin dute. Beharbada soldatak ez dira behar bezalakoak, baina haiek egon ziren arauok kentzearen alde", salatu zuen Olaizolak.
Etorkizunari begira
Jende gaztearengana iristeko lan egingo dutela diote lehendakariek «Proiektu didaktikoak egiten ditugu umeekin, hemendik urte batzuetara ondo legokeelako hauek, ordainean, guregana jotzea", dio Iñigo Alberdi egungo lehendakariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo