GARA > Idatzia > Mundua

Kolonbiari so eginez

Egungo estatuaren "para-politika"

Salvatore Mancuso Kolonbiako Autodefensa Batuak erakunde paramilitarreko buruzagi ohiak egindako adierazpenek zenbait politikarik eta eskuin muturreko taldeek izandako harremanak agerian utzi dituzte. Horixe da hain zuzen ere Cuervok aztertu duena. AUCk Kolonbiako iparraldeko politikan eragina izan zuela aitortu du Mancusok. Azaldu duenez, 1998ko hauteskundeetan «fusila eskuan" zutela hartu zuten parte. Hala, AUCren eragin esparruko kolonbiarrak beraiek babesten zituzten hautagaien aldeko botoa ematera behartu zituztela aitortu du

Rudolfo A. CUERVO - Kolonbiar errefuxiatua eta Askapeneko kidea

Salvatore Mancusok, Kolonbiako Autodefensa Batuak (AUC) erakunde paramilitarreko buruzagi desmobilizatuak, ezagutzera eman ditu hamarka politikarik eta eskuin muturreko taldeak izandako harreman estuak. Auzia «legebiltzarkideek eskuin muturra- rekin eginiko para-politikaren eskandalua» bezala ezagutzen da kolonbian.

Funtzionario publikoen, irakasleen, ikasle buruzagien, sindikalisten eta giza eskubideen defendatzaileen hilketetan izandako ardura aitortu du Mancusok. Hildakoetako batzuk paramilitarren aurka azaltzeagatik hautatu zituztela ere ezagutarazi du. Horrez gain, AUC erakundeak eta hamarka politikarik lortutako hitzarmena zabaldu du: Álvaro Uribek Nariño etxetik zuzendutako Gobernuaren eta talde paramilitarraren arteko balizko bake prozesua babestea.

Iragarrita zegoen bezala, giza eskubideen aurka egin zituen krimenen eta bere ez legezko jardueren agiriak, frogak eta izenak eman ditu Mancusok Justizia eta Bakea lege kritikatuak emandako onurak ez galtzearren -legeak paramilitar desmobilizatuak auzipetzeko marko juridikoa ezartzen du eta, paramilitar ohiei Kolonbiako hiri nagusietako zaintza pribatuko kooperatibetetan eta inteligentzia lanetan aritzea ahalbideratu die-. Paramilitar buruzagiak 2001eko uztailean Atlantiar kostaldeko 40 politakari inguruk eta AUCko komandanteek sinatutako hitzarmena eman zion fiskalari. Topaketa horretan parte hartu zuen legebiltzarkide batek ere argitara eman zuen auzia berriki. Agiria irakurtzeaz gain, Mancusok sinatzaileen izenak zabaldu ditu: besteak beste, eskualde horretako politikariak, legebiltzarkideak eta kazetariak daude tartean. Guztiek AUCren eta Gobernuaren arteko bake prozesua bultzatzeko konpromisoa hartu zuten.

Bileran 2001eko urrian berriz elkartzea adostu zuten parte-hartzaileak. Hala ere, bigarren bilera bertan behera geratu zen New Yorkeko dorre bikien aurkako ekintza dela eta. Izan ere, AUC munduko talde terroristen zerrendan sartu zuten New Yorkeko atentatuaren ostean.

Bestalde, Héctor Acosta Cordoba eskualdeko Tierralta herriko alkatearen hilketan izandako ardura onartu du Mancusok. Bere krimena zuritzeko, hurrengoa adierazi du buruzagi paramilitarrak: bera zela eskualdeko jaun eta jabe eta Acosta jaunaren korrupzio kasuek bere hilketa agintzea eragin zutela. Justifikaezina.

1998ko hauteskunde orokorren inguruan ere hitz egin du Mancusok. Azaldu duenez, garai horretan AUCko buruzagi politikoa zen Carlos Castañok Horacio Serpa hautagai liberala babesteko agindu zien. Hori bai, bigarren itzulian Andres Pastrana hautagai atzerakoia babestea agindu zien. Azkenean Pastranak irabazi zituen hauteskundeak, eta Kolonbiako presidentea izan zen 1998tik 2002ra.

AUCk Kolonbiako iparraldeko politikan eragina izan zuela ere aitortu du Mancusok. Azaldu duenez, 1998ko hauteskundeetan «fusila eskuan» zutela hartu zuten parte. Hala, AUCren eragin esparruko kolonbiarrak aipatutako hautagaien aldeko botoa ematera behartu zituztela aitortu du.

Prentsak jasotakoaren arabera, hurrengoa esan zuen Mancusok: AUCk herritarrak bozkatzera eramateko ibilgailuak erosten «dirutza handia» inbertitu zuela. Hori bai, presio elektoralaren agindua Carlos Castaño zenari egotzi dio Mancusok -biek partekatu zuten AUCeko gidaritza nagusia-.

Alvaro Uribe egungo presidentea hautatua izan zen hauteskendeei dagokienez, hurrengoa adierazi du Mancusok: herritarrei bere aldeko botoa ematea «aholkatu» zieten, besterik ez. Gogoratu behar denez, Uriberen Gobernuak Jusitizia eta Bakea legea onartzea lortu zuen AUCk.

Lege horren ondorioz, talde armatuko 25.000 kide baino gehiago «bergizarteratu» dira. Beste 6.000 inguruk, berriz, gehienez 8 urteko espetxe zigorra jasotzea bermatzen dien marko juridikoa lortu dute.

Iazko apirilean amaitu zen 2003an AUCk eta Uribek hasitako bake prozesua. Hala ere, urtarrilaren 3an berriro hasi ziren ia 60 buruzagi paramilitar desmobilizaturen «bertsio libreak». Aitorpenak hasi zirenetik, paramilitarren aurkako 100.000 auzi baino gehiago sortu dira, 25 mila baino gehiago biktimek bultzaturik.

Egun Itagüi segurtasun handiko espetxean dago Mancuso beste 59 buruzagi paramilitarrekin batera. Petrolio eta oihan ugariko Catatumbo eskualdeko talde paramilitarrak zuzendu zituen Abeltzainak.

Gobernuz Kanpoko Erakundeen arabera, Kolonbiako ipar-ekialdeko eskualde horretan 3.ooo pertsona baino gehiago hil zituzten 1999 eta 2004 urteen artean.

Ameriketako Estatu Batuek Mancusoren estradizioa eskatu zuten narkotrafikoagatik, baina Kolonbiako justiziak auzia eten zuen bake prozesuaren alde egiteko eta Justizia eta Bakea legea betetzeko.

Giza eskubideen aldeko taldeek, herri erakundeek eta nazioarteko instantziek legea kritikatu dute: liberalegia dela uste dute, 5 eta 8 urte arteko espetxealdiak ezartzen baititu delitu oso larriak zigortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo