GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezker abertzalea hauteskundeetan egongo den uste osoa du Barrenak

GARA |

Ezker abertzaleak hurrengo hauteskundeetan parte hartuko duen konbentzimendu osoa duela adierazi du Batasuneko ordezkari Pernando Barrenak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

Batasuneko buruzagiak «salagarria» deritzo egungo egoerari, eta haren aburuz, milaka eta milaka pertsonaren eskubideen bermea ezin da egoera politikoaren arabera moldatu. Euskal herritarren eskubide horiek edozein egoera politikotan onartu eta bermatu behar dituztela uste du Batasuneko ordezkariak.

Datorren maiatzean egingo diren hauteskundeen gainean galdetuta, ezker abertzaleak bertan parte hartuko duen «uste osoa» du Barrenak; eta partehartze horren bidez, ezker abertzalearen proiektu politikoa zabaltzeaz gain, erakundeetatik prozesuaren defentsa garatuko dutela adierazi du.

Hauteskundeen auziari dagokionez, Batasuneko ordezkariak esan du: «Datozen bi hilabeteetan egingo diren elkarrizketa politikoen emaitzen arabera bermatuko da ezker abertzalearen presentzia».

Alderdien Legea

Hauteskundeen gainean ez ezik, Alderdien Legearen inguruan aritzeko beta hartu du Pernando Barrenak. «Alderdien Legea da bai EHAKren balizko ilegalizaioaren bai Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eta beste pertsona ugariren zitazioen iturburua nagusia», esan du.

Gasteizko Legebiltzarrean ostegunean izandako osoko bilkurari buruz duen iritziaz ere itaundu dute Barrena; izan ere, bertan alderdi oro, PP izan ezik, EHAK legez kanpo uztearen aurka agertu ziren.

Batasuneko buruzagiaren aburuz, ordea, EHAK alderdia legez kanpo uztearen aurka agertu ziren alderdi horiek Alderdien Legearekin jarrera bera izatea eskertzekoa izango zen. Alde horretatik, aipatutako legea baliogatzeko jarrera «suhar eta sendoa» izan dezatela exijitu zien Batasuna taldeko ordezkariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo