GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abiatzekotan dira Baiona-Garazi linearen lehen berritze lanak

SNCF tren kudeatzaileak lekuko trenen degradazioan duen ardura nabarmendu du Akitaniako eskualdeak, eta ondoko asteei begira, Akitaniako trenetarako benetako premiazko plangintza bat abiatzeko eskatu dio. Tartean, Estatuarekiko Plan Kontratuan, Baiona-Donibane Garazi linearen Kanbo arteko ibilbidea berritzeko 18,5 milioi euro bideratuko ditu.

Ainize BUTRON |

18,5 milioi euro bideratuko dituzte Baiona eta Donibane Garazi lotzen dituen linearen zati bat berritzeko. Hori adierazi zuten atzo Frantxua Maitia eta Jean Lissar lekuko Akitania eskualdeko kontseilariek.

Estatu frantsesak eta RFF tren sarearen kudeatzaileak luzaz burdinbidearen mantentze-lanak egin ez dituztenez, linea asko kinka larrian zeudela adierazi zuten, eta horietan sartzen da Baiona eta Donibane Garazi herriak lotzen dituena.

«Linearen abiadura 70 km/ordutik 50era jaitsi dute. Horrek ibilbidea egiteko denbora hamahiru minutu luzatu du, eta Baionako geltokiko loturak desagerrarazi ditu», argitu zuten ordezkariek.

Abiadura handitu ahal izateko berritze lanak egitea ezinbestekoa dela jarraitu zuten esaten. Estatu frantsesaren eta eskualdearen 2007 eta 2013 urteen arteko plan kontratuan lehendabiziko berritze fasea egiteko saila finkatu zutela jakinarazi zuten. Ondorioz, 2010a bitartean, 18,5 milioi euro jarriko dituzte Baiona eta Kanbo arteko bidea berritzeko.

Akitaniarekin eta Estatu frantsesarekin batera, Kontseilu Nagusiak eta RFFk ere parte hartuko dute egitasmo horretan.

«Trenaren abiadura handitu nahi bada, ezinbestekoa da burdinbidea berritzea, baina berritze lan hori egitea oso garestia da», azaldu zuten obrak faseetan banatzearen erabakia ulertarazi nahian. Gainera, Baiona eta Kanbo arteko zatia hiritartuena dela aipatu zuten.

Sarearen degradazioa

Gauzak diren bezala uzten badira, egoera larritu baizik ez dela eginen azaldu zuten. «Ondoko bost urteetan deus egiten ez badute, burdinbidearen egoera dela-eta, RFF eta SNCF egiturak linea ixtera behartuak izango dira, alta, lurralde antolaketarako garrantzi handikoa da», adierazi zuten.

Baina abiadurarena ez da lekuko trenen arazo bakarra. Azken urte honetan zerbitzu osoa degradatu dela nabarmendu zuten. Trenak gibelatzeak, trenen murrizketak eta karga gehiegizkoak nabarmenak izan dira azken hilabeteotan. Akitaniako ordezkarien arabera, egoera esplotazioan dagoen gabeziari lotua dago.

«SNCFk diru asko irabazi du, baina hori lekuko trenez arduratu gabe egin du», esan zuten. 2005ean, izan ere, 3,2 milioi euroko etekina izan zuen SNCF egiturak.

Gabezia horiek onartezinak direla nabarmendu zuten Akitaniako ordezkariek. Eta, egoera larria dela ohartarazteko, Alain Rousset Akitaniako lehendakaria berriki SNCF egiturako arduradunekin elkartu dela adierazi zuten.

Bertan, lekuko trenen esplotazioa baldintza onenetan egiteko larrialdiko planteamendu bat abian jartzeko eskatu zuen. Urtarrilaren 22an SNCFk haren berri eman zuen. Gidari kopurua handitu, mantentzean prozedurak finkatu eta bidaiarien informazioa hobetu dira, besteren artean, tren egiturak proposatu dituenak.

Eginbehar horiek gutxienekoak direla adierazi eta planteamendu eraginkorrago bat aurkezteko eskatu du Akitaniak. «Gaur egungo krisiaren aurreko garaira eramanen gaitu SNCFk egindako proposamenak. Hori baino urrunago joateko eskatzen diogu», nabarmendu zuten. SNCF egiturak ondoko egunetan plangintza zehatz hori aurkeztu beharko luke.

Akitaniaren urratsak

Trenen kudeatzaileak bere eginbeharrak betetzen ez baditu, Akitania Kontseilua kontzesio bat egitera behartuko dutela jakinarazi zuten Maitiak eta Lissarek. Horrenbestez, mugaz bestaldeko mota bereko egituren kudeaketaren pean jartzearen aukera azaldu zuten.

Azkenik, Akitania eskualdeak lekuko trenen eskaintza hobetzeko egindako urratsak goraipatu zituzten. Baiona-Garazi lineari dagokionez, 2005eko abenduan joan-jinen kopurua handitu da bi tren berriri esker. Donibane Garaziko eta Kanboko geltokiak berritzeko obrak abiatu dituzte, eta 2007a bitartean bukatzekoa dute. Bideratu dituzten berrikuntza horiei esker, bidaiarien kopurua %8,5 handitu da.

Baina linea horretan oraindik asko egiteko dagoela adierazi zuten. Burdinbidea berritzearekin batera, trenen garbitasunak eta luzatasunak arazoak sortzen dituzte. «Akitaniak indar handia egin du lekuko trenak garatzeko. Baina bidaiariek egunero bizi duten errealitatea eta Kontseiluak bideratu lanen artean hutsune handia dagoela ohartzen gara», azaldu zuten.

kontzesioa

SNCF egiturak bere eginbeharrak betetzen ez baditu, beste enpresa bati kontzesioa egiteko prest dagoela jakinarazi zuen Akitaniako Kontseiluak. Mugaz bestaldeko egiturak aipatu zituen nagusiki.

Obrak abiatu aurretik beharrak aztertuko dituzte

Baiona eta Donibane Garazi arteko tren linean dauden beharrak zehazteko bi azterketa bideratzekotan dira. Alde batetik, linea guztian egitekotan diren obrak argiki ikusteko azpiegituren ikuskatze bat bideratuko du RFF burdinbide sarearen kudeatzaileak. Horren bidez, linearen egoera aztertuko dute, hau da, seinaleen kokapena, telekomunikazioen finkapena eta linea aztertuko dituzte. Horrekin batera, Akitaniako Kontseiluari ezinbestekoa iruditu zaio bertako bizilagunen joan-etorriak kontuan hartzea. Frantxua Maitiak azaldu zuen: «Garraio eskaintza eraginkorra emateko ezinbestekoa da biztanleen ikuspegi sozio-ekonomikoa izatea. Baiona-Garaziko linean benetako tren periurbanoa izatea nahi dugu». Horrenbestez, linea bera berritzeaz gain, linea eta lekuko beste garraio publikoen arteko lotura egin nahi dute. Akitaniako Kontseiluko ordezkariek atzo jakinarazitakoaren arabera, geldigune gehiago sortu eta tren kopurua handitu nahi dituzte. Horrekin batera, Baiona eta Garazi arteko tren txartelarekin lekuko beste garraio publikoak baliatzeko aukera eman nahi dute. Autobusekin lotura egiteko aukera aipatu zuten. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo