Intxaurrondoko zebrabidea babestuko duela agindu du Donostiako Udalak
Elkarretaratzea egin zuten ostegunean Intxaurrondoko makina bat lagunek, auzoko zebrabide bat gurutzatzen ari zirela auto batek harrapatuta hil ziren amona-bilobak omentzeko eta «gune arriskutsu" hori moldatzeko exijitzeko. Eskaera beteko duela agindu zuen atzo Udalak.
GARA |
«Segurtasuna errepidean. Hildako gehiagorik ez» zioen joan den ostegunean Intxaurrondoko auzotarren saminaren testigu izan zen pankartak. Bizilagun ugari batu zen arratsaldeko zortzietan Zarategi pasealekuan, Ipar Haizea, Intxaurdi eta IZBE elkarteen deiari erantzunda.
Larunbatean auto batek jota amona-bilobak hil ziren zebrabidetik hurbil elkartu ziren, zendutakoen sendiari eta lagunei babesa eskaintzeko. Baina baita Udalari eskaera bat egiteko ere: lehenbailehen molda dezala «gune arriskutsu» hori. Izan ere, auzoko elkarteetako eledunek jakinarazi zutenez, bideragarritasun arazo larriak izaten dira. «Lau hildako izan dira azken urteotan, eta udal erakundeek ez dute beti behar bezala erantzun», salatu zuten.
Istripu eta eskaera horien ondotik, Zarategi pasealekuko lau zebrabide babestuko dituela agindu zuen atzo Donostiako Udalak. Presazko prozedura erabilita onartu zuen hainbat ezbeharren eta tragedia batzuen lekuko izan den gunea moldatzea. Abiadura murrizteko baliabideak ezarri eta aparkatzeko toki batzuk kenduko dituztela adierazi zuen Odon Elorza alkateak, zebrabideetan hobeki ikusteko.
Lau zebrabide horietan ez ezik, geroago Zarategin dauden bertze bietan ere gauza bera eginen dutela erran zuten atzo Udaleko kideek. Otxoki parkean dagoen bertze bat altxatzeko asmoa ere iragarri zuten.
Elorzak azaldu zuenez, Intxaurrondoko segurtasun planaren inguruan ausnartzen eta eztabaidatzen ari dira auzotarrak, horrela bi hilabeteko epean aplika dadin lortzeko.
Amona-biloben heriotza
54 urteko Mercedes Sanchez eta haren 4 urteko biloba, Ibai Joseba Galdeano, hil egin ziren joan den larunbat gauean, inauteri bestatik etxera itzultzeko bidean. Gauerdia baino geroxeago gertatu zen istripua, Zarategi etorbideko 77. zenbakiko zebrabidean, eta han ziren aitona eta bertze biloba ere.
Renault Megane markako auto batek jo zituen emakumea eta haurra, baina oraindik argitzeke dago ezbeharra zergatik eta nola gertatu zen. Badirudi ez zela alkoholaren eraginez izan, 41 urteko gidariak negatibo eman zuelako kontrolean.
Udaltzainek prestatutako argitze-agiriak dioenez, Zarategi etorbidean autoz zihoala, Pablo Sorozabal kalera ailegatu aitzinetik, «zerbaitek» ibilgailua kolpatu zuela sumatu zuen gidariak. Euri erauntsia zen, eta, udaltzainen hitzetan, bizilaguna ez zen jabetu Mercedes eta Ibai Joseba kapotean zeramatzanik.
Airean bota zituen biak ibilgailua gelditu zuenean; emakumea oinezkoen pasagunetik hogeita bost metro ingurura aurkitu zuten, kolpearen ondorioz hilda, eta hiriburuko Medikuntza Legalaren Institutura eraman zuten gorpua. Bilobak, ordea, bizirik iraun zuen, eta gidariak estalpe batera eraman zuela jasotzen du udaltzainen argitze-agiriak. Berehalaxe artatu zuten larrialdi zerbitzuetakoek erietxean: kolpe anitz eta garezurreko traumatismoa zituen. Igande arratsaldean jakinarazi zuten zendu zela.
Hiri Segurtasunerako zinegotziak, Ernesto Gascok, istripua «gaizki gidatzeagatik» izan zela baieztatu zuen astelehenean; auzo elkarteek, berriz, bideragarritasun arazoak salatu zituzten.