GARA > Idatzia > Pelota

PILOTA Berezkoak

Ezkurrak eta Ozafrainek final estua iragartzen dute

Urruñako atzelaria da egungo txapelduna eta bera izango da gaur irabazteko faboritoa; hala ere, Bankakoa sasoi ederrean iritsi da finalera

Jon LEUNDA | BAIONA

Heldu da Bakarkako finala jokatzeko tenorea. Gaur 18.00etatik aitzinera Baionan, Moderne trinketean, neurtuko dira Paxkal Ezkurra eta Patrick Ozafrain. Lehenengoa da txapelaren jabea. Aurreko biak, berriz, bigarrenak jantzi zituen. Urruñakoak duenari eutsi nahi dio, eta Bankakoak iaz galdutakoa berreskuratu nahi du.

Garbi dago bi finalistak direla egun trinketeko esku pilota profesionalean dauden bi pilotari onenak. Finalera, ordea, oso egoera ezberdinean heldu dira. Ezkurrak asko sufritu behar izan zuen txartela eskuratzeko, eta Ozafrainek, aldiz, erraz bereganatu zuen.

Paxkal Ezkurrak kintze bakar batez lortu zuen garaipena Andde Kurutxariren aurka. Ia partida osoan gibeletik izan zen, 25-33 ere egon ziren. Une horretan inork gutxik uste zuen berak irabaziko zuenik. Gero, zailena egin eta 34-35 aitzineratu zen, baina Kurutxarik berriro egin zion ihes, eta 37-39 galtzen jarri zen. Orduan burua fresko edukitzen badakiela baieztatu zuen, eta partidari buelta emateko gai zela erakutsi zuen.

Hogeita bost urte besterik ez ditu, baina maila handiko pilotaria da. Iazko denboraldian onena izan zen, urte bikaina eginez, eta aurten ere jadanik Superprestigioa irabazi du. Gaur faborito izango da, eta bere adinean horrek askori eragin izugarria egiten badie ere, berak ederki daki presio hori gainetik kentzen. Oso pilotaria da, dena erraz egiten du: ongi sakatzen du, aurrean kintzeak dotore amaitzen ditu, eta sarea ere erdeki topatzen du.

Ezkurrak dituen ahalmen berdinak ditu, ordea, Ozafrainek ere. Finalerdietan lehen kintzetan gibeletik aritu bazen ere, erditik aitzinera erabat nagusitu zen, eta lapurtarra baino behartu txikiagoa hartuta helduko da finalera. Bi txapel ditu, eta seguraski gehiago izango lituzke EPB enpresak eta Federazioak izandako liskarra izan ez balitz. Bi finalistak Superpretigioko finalean izan ziren elkarren aurka azkeneko aldiz, eta orduan Ezkurrak irabazi zuen.

 

Urruñakoa da faboritoa

Aditu baten iritzia jasotzeko, Manu Martiarenarena jo dugu. Bera da, bederatzi txapelekin, Bakarkako Txapelketa gehien irabazi dituen pilotaria. Bere ustez, finala estua izango da: «Norbaiten alde dirua jokatu beharko banu, Ezkurraren alde jokatuko nuke, baina gauzak estu joango direla uste dut. Bi pilotariak maila handia dute, eta bakarka dena ongi egiten dute. Ozafrainek eskarmentu handiagoa du, baina Ezkurrak beterano batek bezala jokatzen du. Botea garrantzitsua izaten da bakarka. Biak oso ongi sakatzen dute, baina errestoan ere oso ongi ari dira, eta ez dut uste asko sartuko dituztenik», dio Martiarenak.

Moderne

Trinketeko esku pilota profesionalean dauden bi pilotari onenak Baionako Moderne pilotalekuan neurtuko dira 18.00etatik aitzinera

Aurrekaria

Bi finalistak Superprestigioko finalean izan ziren elkarren aurka azkeneko aldiz, eta orduan Ezkurrak irabazi zuen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo