GARA > Idatzia > Kultura

Euskaltzain oso izateko Aurelia Arkotxa proposatu dute Bilbon egindako osoko bilkuran

Euskaltzaindiak Bilbon egindako osoko bilkuran, Aurelia Arkotxa euskaltzain oso izateko proposatu zuten, eta hurrengo hilean bozkatuko dute. Bi hilabeteko epean bera izan da aurkeztu duten hautagai bakarra.

GARA | BILBO

Abenduaren 22an Donostian egin zuten osoko bilkuran 25. aulkia betetzeko bozketa egin zuen Euskaltzaindiak, baina orduan aurkeztu zuten hautagaiak ez zuen gehiengo osoa lortu. Beraz, aulki hori hutsik geratu zen, eta prozesua berriro abiatu.

Akademiako iturriek azaldu bezala, hautagaiak aurkezteko bi hilabeteko epea atzo amaitu zen, eta hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek: Aurelia Arkotxa. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatu zuten. Datorren hilean egingo duten osoko bilkuran bozkatuko dute; hots, martxoan.

Bestalde, atzoko bilkuran 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak ere iragarri ziren. Hortaz, hautagaiak aurkezteko bi hilabeteko epea zabaldu dute horretarako ere, eta maiatzean egin beharko ditu Akademiak bi euskaltzain berri izendatzeko bozketak

Ibilbide marduldun hautagaia

Aurelia Arkotxa Nafarroa Behereko Baigorrin sortu zen, 1953. urtean, baina haurtzarotik bizi izan da Hendaian. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, Euskal Filologian doktoretza lortu zuen 1990. urtean. Tesia Bordeleko Unibertsitatean aurkeztu zuen, Gabriel Arestiren gainean idazten zen lehena, «Maldan behera» poemari buruzkoa. Hauxe zen izenburua: «Imaginaire et poesie dans `Maldan behera' de Gabriel Aresti (1933-1975)».

Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da 2000. urtetik. Bordelen eta Baionako Fakultatean Literatura eta Literatur Teoria irakasten ditu; eta IKER-CNRSko ikertzaile taldeko kide ere bada.

2003ko urtarrilaren 31 zen Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuenean, eta Akademiako Literatura Ikerketa batzordeko kide da egun.

Poemagintzaren alorrean, «Atari ahantziak» argitaratu zuen 1993. urtean; Grezia klasikoaz eta Egiptoko mitologiaz dihardu Arkotxak lan horretan.

«Maiatz» aldizkariko sortzaileetarikoa eta «Lapurdum» agerkari zientifikoaren zuzendaria da. «Argia» eta «Berria» komunikabideetan argitaratzen ditu artikuluak eta «Sautrela» programan ere kolaboratzen du, besteren artean.

Argitaratu dituen liburuen artean hauek ere badaude: «Septentrio» (2001ean euskaraz eta 2006an frantsesez), «Euskal kritika gaur», Mari Jose Olaziregirekin batera (2002).

Bidelagun izan dituztenen omenezko hitzordua Bilbon

Aurelia Arkotxa proposatzeaz gainera, Euskaltzaindiak atzo arratsaldean Bilbon egindako ageriko bilkuran azken hilabeteotan hil diren hiru euskaltzain omendu zituen: Federico Barrenengoa (Amurrio, 1916-2005), ohorezko euskaltzaina zena, Gaizka Barandiaran (Oñati, 1916-Loiola, 2006) euskaltzain urgazlea eta Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi (Ondarroa, 1913-Hondarribia, 2006) euskaltzain urgazlea. Horretarako, beste hainbeste omenezko txosten irakurri zituzten hitzorduan. Irakurketen ardura hauei egokitu zitzaien: Henrike Knorr, Jose Mari Velez de Mendizabal eta Gorka Aulestia.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo