GARA > Idatzia > Kultura

«Iturrino Handia"rekin itzuli da nobelagintzara Hasier Etxeberria

Cosme Iturrino mago ohia da. Pertsona bat hirutan zatitzen duen kaxa asmatu zuen eta, egun, royaltietatik bizi da. Bere bizitzaren berri eskatu dio kazetari batek. Hori da Hasier Etxeberriaren nobela berriaren abiapuntua. Errealitatea eta fikzioa, txirikordatuta.

Martin ANSO | DONOSTIA

Cosme Iturrino, «Iturrino Handia» mago ohia, 70 urteren bueltan dago. Kazetariak Villanubla tabernan ezagutu du eta elkarrizketa bat egitea proposatu dio. Elkarrizketa baino gehiago bakarrizketa izango den horretan, hainbat istorio kontatuko ditu Iturrinok. Esaterako, Diccinoren zirkuan bi buru zituen emakume harekin edo, beharbada, gorputz bakarra zuten bi emakume haiekin maitemindu zenekoa; Orson Wellesek «The Great Iturrino» esan zionekoa, edota John Hustonekin arrantzan egitera joaten zenekoa. Hori da Hasier Etxeberriak plazaratu duen «Iturrino Handia» nobelaren sinopsia.

Laburra da, «bi arratsalde atsegin pasatzeko modukoa», ohartarazi zuen Gorka Arrese Susako argitaratzaileak. Baina, bere laburrean, «bikaina». Atzoko aurkezpen ekitaldian aita pontekoarenak egin zituen Joxerra Gartziak, behintzat, behin eta berriz famatu zuen, oso hitz potoloekin famatu ere. «Nobelan -esan zuen beste askoren artean- ahots bakarra entzuten da, protagonistarena, eta gauza miresgarrienetako bat da nola Hasierrek ausardia izan duen ahots bakar batekin horrelako unibertso konplexua modu harrigarrian sortzeko. Eta `unibertso' diot, `mundu' hitza oso txiki geratzen delako, Iturrinoren unibertsoa mundu askorekin osatuta baitago. Nik uste dut -gehitu zuen Gartziak- Hasierrek nobela honekin sekulako erronka jarri diola bere buruari; nik dakidala, euskal literaturan eta ezagutzen didutan bestelako literaturetan ere ez da inoiz horrelako saiakera bat egin».

Etxeberriak berak Gartziaren hitzen zama arindu beharra sentitu zuen. «Nik, behintzat, ez dut horrelako traszendentzia asmoarekin idatzi; nobela gozo bat baino ez dut idatzi nahi izan, igel-hanka baten modukoa», esan zuen gourmet ospea ere baduen idazleak.

Orain arteko azken nobela, «Mutuaren hitzak», 2005ean plazaratu zuen Etxeberriak. «Oso nekaturik amaitu nuen -gogorarazi zuen atzo- eta konbentzituta nengoen ez nuela inoiz beste nobelarik idatziko. Baina, halako batean, blog batean jolasean hasi eta `Iturrino Handia'rekin egin nuen topo».

«Nobela batzuk -jarraitu zuen- sendabide izan dira niretzat. `Mugetan' nire lehen nobela, adibidez, gaitz konkretu batez sendatzeko erabili nuen. Hau, aldiz, idazkuntzarekin berriz adiskidetzeko erabili dut, eta benetan lagundu dit; izan ere, beste nobela bat idazten hasi naiz». «Iturrino Handia»ren helburua neurri batean «terapeutikoa» zela kontuan izanik, Etxeberriak nobelaren idazketa «jolas askatzaile bezala» hartu zuela esan zuen. «Beste nobelak idaztean, neure buruari mundua esplikatu beharra edo esperimentatu beharra ezarri izan diot, baina `Iturrino Handia'rekin ez», adierazi zuen.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak lausotzea da Hasier Etxeberriak egiten duen literaturaren ezaugarrietako bat. Atzo pauso bat gehiago egin zuen bide horretan, eta Cosme Iturrino bera, nobelako protagonista, aurkezpen ekitaldira gonbidatu zuen.

COSME ITURRINO

Errealitatea eta fikzioa lotzen dituen torlojua koska bat gehiago estutu nahian, Hasier Etxeberriak Cosme Iturrino bera -nobelako pertsonaia, alegia- gonbidatu zuen atzoko aurkezpen ekitaldira.

Fitxa

Izenburua: «Iturrino Handia».

Egilea: Hasier Etxeberria (Elgoibar, 1957).

Argitaletxea: Susa.

Generoa: Narratiba.

Orrialde kopurua: 121 orrialde.

Salneurria: 13 euro.

Errealitatea eta fikzioa, ispilu jokoan

Luze eta sutsu mintzatu zen atzo Joxerra Gartzia «Iturrino Handia»z. Etxeberriak berak, umorez, pare bat aldiz kargu hartu behar izan zion, bere gusturako Gartzia nobelaren hesteak behar baino askoz gehiago bistaratzen ari zelako. «Hainbeste ertz ditu nobela honek, ezen honen inguruan agortezinezko jarduna antola litekeen», desenkusatu zen Gartzia.

«Askotan -esan zuen- literatur lanak ispiluak dira; segun non kokatzen den ispilua, errealitate zati bat islatuko da, eta hori bada meritua. Baina Orson Wellesen `Shangaiko dama' filmaren sekuentzia ospetsuan bezala, `Iturrino Handia' ispiluz betetako gela moduan egituratu du Hasierrek. Bertan, dena da denaren ispilu». Horrela, Etxeberriak, errealitatea islatu beharrean, «eraiki» egin du, eta errealitatearen eta fikzioaren arteko jokoa egilearen «obsesiorik handienetakoa» dela gogorarazi zuen Gartziak. Bere iritziz, «horrek ematen dio nobelari, ageriko irakurketa plazerosoaren gainetik, azpitik edo tartetik, literatur bikaintasun bat. Iturrino da mago ofizial bakarra, baina idazleak Iturrino bezain magoa dela erakutsi du», nabarmendu zuen.

M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo